GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Lan istripuen larritasuna ezin da estali

Lan istripuek ez dute oporrik hartzen eta, ondorioz, langileen heriotzak ez du etenik udan. Atzo beste langile bat hil zen istripu batean Zigan, Nafarroan. Enegarrena da, datuetan ere ez baitago adostasunik sindikatuen, enpresarioen eta administrazioen artean. Aste honetan bertan honi buruzko datuak argitaratu dituzte. Autonomoak eta etorkinak albo batera utzita, 21 langile hil dira urtarriletik ekainera Hego Euskal Herrian. Baina beste horiek kontuan hartuz, zifra hau bikoiztu egiten da, 41 bihurtu arte. Urrutira joan gabe, atzo Zigan hil zen pertsona Malikoa zen izatez. Baina agerikoa da hil egin dela eta lan istripuan hil dela. Estatistikek ez lukete hori estali behar.

Tamalgarria da zifrekin jokatzea benetan jokoan dagoena pertsonen bizia denean. Gainera, administrazioaren aldetik arduragabekeria larria da joko maltzur hori, administrazioa baita istripu hauetan ardura handiena duen agenteetako bat. Argi dago enpresarientzat lan segurtasuna ez dela lehentasunezko gaia. Argi dago prekarietatean lanean diharduten langile askorentzat lehentasuna soldata irabaztea dela, eta horretarako ia edozer egiteko prest daudela. Baina administrazioak bere ardura zuritu nahi duenean, orduan alarma guztiak pizten dira. Lan istripuak ez dira ekidinezinak. Jazo aurreko kontrol ezak ekartzen ditu gehienak, eta ondoren zigortuak ez direlako gertatzen dira behin eta berriz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo