Gibson Les paul, orain 50 urte LUZE rock & rolla jotzeko sortu gitarra
Anartz BILBAO
Orain mende erdi, 1940ko hamarkadan gitarrarekin probak egiten hasi, eta hurrengo hamarkadan izena eta izana eman zion Gibson etxeak saltzen duen gitarra ospetsuari Les Paul jazz musikariak. Herenegun hil zen gizona, New York hirian, 94 urte zituela.
1940ko hamarkadan, ordura arte erabili zituen gitarren soinua eskasa iritzita, Lester William Polsfuss, «Les Paul» izenez ezagutzen den jazz musikariak, lehenengoetariko gorputz betedun gitarra eraiki zuen, bere aldetik eta sasoi berean Leo Fender eta Adolph Rickenbackerrek egin zuten bezala. Hurrengo hamarkadaren hasieran Gibson etxeak Les Paulekin hitzarmen bat sinatu zuen, honek bertan lan egin eta berak sortu gitarra saltzeko asmoarekin (hasieran arrakasta eskasarekin).
Alta, 1957an, ordura arte erabili ohi zituzten Single Coil P-90 pastillen ordez Seth Loverrek diseinatutako bobina bikoizdun humbuckers pastillek bultzada nabarmena ematen diote gitarrari, eta egun, urreztatutako estalkidun 1957koak dira Les Paulik garestienetarikoak (P.A.F. pastillekin).
Hamarkada bukaerarako egoera guztiz aldatu eta estimatuak dira oso Les Paul gitarrak rock & roll musikarien artean. Gainera, 1959koak (adituen ustez urterik onena) dira egun dauden modelorik garestienak, bildumazaleek gordetzen dituztenak.
1960ko hamarkada hasieratik 1968 bitartera Gibsonek Les Paul gitarra modeloa ekoizteari utzi zion arren, gaur egunera heldu da beraien sona eta gitarra jotzaile profesional zein zaleen artean gitarrarik ezagunenetarikoa izaten jarraitzen du, sortu zenetik mende erdi pasa ostean ere. Serie ugari daude, ezagunenak Studio, Standard eta Custom dira, eta merkeenak 1.000 euro inguru balio ditu (hortik gora, nahi beste).
Ez dira gutxi Gibson Les Paul gitarra eskuetan hartu duten musikariak, izan oholtza gainean edo etxeko zokoan, eta tartean badira rockaren historian urrezko distira lortu duten asko. Hauetariko batzuk gainera, gitarra modeloari aldaketa propioak egin eta beraien izenean Signature serieak ere atera dituzte Gibson etxean salmentara.
Zerrendak egiten hasiko ez garen arren, merezi du batzuk aipatzea, gitarraren sonaz jabetze aldera. Aspaldiko Carl Perkins, Muddy Waters edo Creedenceko John Fogerty eta Allman Brotherseko Duane Allmanengandik hasi eta Punk eztandara: Johnny Thundersen (New York Dolls) zein Mick Jones (The Clash) musikarien Les Paul Juniorra eta Steve Jonesen (Sex Pistols, bere seriea du) Custom modeloa. Eta hemendik U2 irlandar izarretako The Edge Gibson zale amorratura. Eta aizkolaririk ere ez da falta tartean: Motörheadeko Brian Robertson, Thin Lizzyko Gary Moore, The Yardbirdseko jeff Beck, The Black Croweseko Rich Robinson edo ZZ Topeko Billy Gibbons, «Pearly Gates» serie propioaren jabea.
The Who taldeko Pete Townshend ospetsuak ere, Woodstockeko jaialdian SG bat erabili bazuen ere, sarri izan du Les Paul bat eskuetan, 1973-79 tartekoak, eta bere serie propioa du. Ezaguna da Neil Youngen «Old Black» gitarra ere, Frank Zapparena bezala, beraien gustura moldatutako Les Paul Goldtop batean oinarritua. Guns´n´Roses taldeko Slashek ere badu bere izenean Signature seriea, baita Ace Frehley Kissekoak ere.
Bestalde, Al Di Meola jazz gitarra jotzaileak Les Paula baino ez du erabiltzen elektriko jotzen duenean. The Beatles taldeko George Harrison (famatua da oso Claptonek 1968an oparitu zion 1957ko Les Paul gitarra, gerezi kolore gorrikoa eta «Lucy» deitua) eta John Lennonek, besteak beste, erabili zituzten (eta Paul McCartneyk Les Paul baxua). Keith Richardsek bere Les Paul gitarra Mick Taylorri saldu zion, gerora taldekide izango zuenari. Eta Led Zeppelineko Jimmy Page aizkolariari 1960ko «Black Beauty» Custom gitarra lapurtu egin zioten 1970ean, eta ez da inoiz agertu. Ikono aldetik Les Paul gitarra jo izan duen musikari ezagunena, baina, reggae izar Bob Marley izango da seguruenera. Esaten dutenez gainera, ehortzi zutenean soinean eraman zuen gitarra lurpera.
Les Paul gitarraren aita berak ere, herenegun hil zen arte, astero jotzen zuen New York hiriko areto batean. Antza denez, 1972ko Gibson Recording bat zuen maiteen, urteen poderioz bere gustura moldatua.
Eta euskal musikarien artean ere, punk rockak gitarra nagusitzat izan du, (RIP taldekoek erabiltzen zuten, baita Kuraia, NCC edo Señor No taldekoek ere), eta Pettik ere ateratzen dizkio txinpartak Les Paul zuri bati.