GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

E. Goienetxea, A. Ilarreta, E. Salegi eta I. Lopez Askapenaren brigada Mexikon

Beldurraren pandemia

Dena den, bai Juarezen bai Chihuahuan sormenerako espazioak eta jai egiteko tarteak ere aurkitu ditugu. Margotutako hormak, piztutako bozgorailuak, musika, aldarrikapenak, laguntasuna, elkartasuna... Hedabideek ez digute esango zeinen osasungarria den hori guztia

Abisatu zigun lagun batek baino gehiagok. «Mexikora zoazte? Kontuz, gaixotu barik!». Ikus-entzule maiteok, hedabideek, ohore handiz, aurtengo azti handiena aurkezten dizuete: A gripea! Publikoak begiak estali ditu, arnasa eten zaio, heriotza ere eragin omen diezaioke hurbiltzen zaionari. Eta, hala ere, uda honetan lau lagun etorri gara Euskal Herritik Mexikora. Begiak zabalik. Arnasa hartzen jarraitzeko asmoz.

Mexiko iparraldera jo dugu. «Juarez eta Chihuahuara? Erotuta zaudete ala? Nor zaren begiratu gabe hiltzen dute jendea han!». Eta, hala ere, gu hara. Lehendabizi, Juarezera, lau egun, eta gero Chihuahuara. Handik idazten ari gara testu hau (eta, konturatuko zinenez, bizirik jarraitzen dugu).

Juarez ez da lasaia, egia. AEBekin mugan dago, eta militarrek hartua dute hiri osoa: kontrolak sarreretan, irteeretan, kale izkinetan. Felipe Calderon presidenteak bidali zituen, duela bi urte, narkotrafikoari aurre egiteko, antza. Ondorioak bestelakoak dira, ordea. Frente Nacional Contra la Represión taldeko bi kidek, Gero Fong eta Julian Contrerasek, beste errealitate bat marraztu ziguten: «Narkotrafikoaren aurkako `gerra' asmakizun hutsa da».

Batetik, presidenteak hauteskundeak irabazi gabe hartu zuen kargua eta, nola edo hala, herritarren onespena lortu nahian, hitz eman zuen segurtasuna ezarriko zuela exekuzio gehien zeuden hirian. Baina, hiltzen dituztenen kopurua ez da gutxitu: egunero bi izatetik, bost izatera, batez beste. Gu egon ginen lau egunetan, hamar. Bestetik, agintarien helburua ez da narkotrafikoa desagerraraztea, isuri ekonomikoa etengo lukeelako. «Herrialdeko enpresa handienak (Pemex, petrolio eta gas enpresa mexikarra) baino diru gehiago mugitzen dute droga kartelek».

Droga saltzaile txikiak akabatzen dituzte, bai. Gazteak gehienak. Baina baita kazetariak, nekazarien lurren abokatu defendatzaileak edota herri mugimenduetan parte hartzen dutenak ere. Hedabideek guztiak sartzen dituzte zaku berean: «Narkoarekin lotuta zeuden». Segurtasun indarrak beti-beti daude tiroketa guneetatik urrun, kasualitatea. Beldurrak kutsatutako gizartea etxean geratzen da, desmobilizatuta. Babesgabe sentitu, militar kopurua handitu, giza eskubideak murriztu, beldurra areagotuta.

Emakumeak ere hil edo desagertzen dira, kopuru izugarrietan. Maquiladora izeneko fabrika handietan (zure etxetresna elektriko gehienek Juarezetik jaso dute piezaren bat), kate-lan amaigabeak egiten dituzte miseria baten truke, eta etxera bidean, antolatutako krimenaren ehizaki errazak dira. Abortu klandestinoetan ere (ilegala da abortua estatu honetan), asko hiltzen dira. Eta ustelkeriak ikusezin bihurtzen badu ere, bada beste arazo bat, kulturala, matxismoarena, bikotekideen esku ere hiltzen baitira asko. Hala laburbildu zigun Juarezeko emakume hilketen fenomenoa Emakumeen Mahaiaren Sareko ordezkariak, Ilmelda Marrufok: «Agintariek ez dute ezer egiten». Informazioa ezkutatu, zigorgabetasuna bermatu. Beldurra zabaldu biktimen artean, salatzera ausartu ez daitezen.

Abstentzioa izan da garaile Chihuahua estatuan (%70) azken hauteskundeetan. Carlos Murillo soziologoak eman zigun azalpena: «Alderdi politiko bat zein bestea gauza bera zela konturatu ziren herritarrak, aldaketarik ez zegoela, ez bazen okerrera. Gainera, jendeari hemen bost axola zaio bizitza publikoa. Berekoikeriaren kultura da nagusi». Protestatzen ez badu, ez zaiola ezer gertatuko sinetsita bizi da gizartea.

Tlatlolariekin bildu gara Chihuahua hirian. Hemen ere ez pentsa askoz txikiagoa denik hilketa kopurua: egunero lauzpabost, batez beste. Gogoeta eta hausnarketa talde bat dira tlatlolariak, zapatistak, berba luze eta zabal egitea gustatzen zaiona. Informazioa nola prozesatzen dugun aztertzen dute, masa komunikabideek duten eragin ideologikoa. «Zergatik dio gaurko egunkariak polizia buruek dena kontrolpean dutela? Mezu hori zabaltzeko beharra dutelako, badakitelako kalean bestelakoa dela egoera». Pentsatzeari tarte handiagoa eskaintzeko beharra nabarmendu digute.

Eta A gripea? Barreak, algarak, negar ez egitearren. Apirila bukaeran etxean geratzeko agindua ekarri zuen A gripeak, kutsatze alarma piztuta eta, artxila murtxila!, Maiatzaren 1eko kale protesta guztiak desagerrarazi zituen. Turismotik bizi direnak kexu agertu zaizkigu, bisitariak uxatu baititu propagandak. Mexikon goseak gehiago hiltzen du gripeak baino. Baina agintariek gurago dute behartsuak behartsuago utzi, errealitatea azaleratu eta ipurdia bistan geratu baino, ez dadila boterea gaixotu. Gaixoa, erregea biluzik.

Dena den, bai Juarezen bai Chihuahuan sormenerako espazioak eta jai egiteko tarteak ere aurkitu ditugu. Margotutako hormak, piztutako bozgorailuak, musika, aldarrikapenak, laguntasuna, elkartasuna... Hedabideek ez digute esango zeinen osasungarria den hori guztia, puztutako gaixotasunen aurkako sendagai, eta ez dugu jakingo, ez badiogu elkarri kontatzen.

Agur bero bat Mexikotik.

Segi errealitateak biluzten eta aldarrikapenak margotzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo