GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Rikardo Arregi 2009/8/19

Betikoa

Askotan globalizazioari leporatzen zaizkion gaitzak eta kalteak (gutxitan onurak) ez dira berez mundu postmoderno gaizto (gutxitan on) honen ezaugarriak soil-soilik. Nago gaitz eta kalte horiek aurreko mundu modernoetan edo antzinako zibilizazioetan berdinak zirela, baita kobazuloetan bizi ziren gizaki natural (sic) horien artean ere. Fenomeno antzekoak ikusten ditugu Iranen, Hondurasen, Errusian, Kolonbian edo Euskal Herrian eta batzuek berehala eskatzen dizkiote kontuak globalizazioaren jainkoari (barkatu, deabruari).

Kolonbiako presidenteak bertako konstituzioa aldatu nahi omen du beste lau edo bost urte agintean segitu ahal izateko. Musika bera duten albiste asko datoz egunkarietan. Estatuen arteko desberdintasunak ez dira oso handiak: egia da Putin ez dela orain Errusiako presidentea baina bere bidetxoa asmatu zuen Kremlin inguruan oraindik egoteko. Beste batzuek anaia jartzen dute, edo emaztea, edo semea. Azkarrenak erretiratzen dira ondo dakitelako zertxobait aldatu behar dela dena berdin mantentzeko. Ez dut uste globalizazioak ohitura horiek ekarri dizkigula, zaharrak dira, oso zaharrak eta agintearekiko atxikimendua erakutsi izan dute historian zehar. Agintean dauden guztiei gustatzen zaie agintea (...).

Orain dela gutxi Iranen izan dituzten protesten gidariak atzerritarrak zirela adierazi dute bertako agintariek. Badirudi ezinezkoa zaiela pentsatzea posible dela Irangoa izatea eta protesta egitea. Honduraseko presidente ezlegalak antzeko gauza esan du: atzerritarrak sartu direla herrian protestak antolatzeko. Badirudi ezinezkoa zaiola pentsatzea posible dela hondurastarra izatea eta estatu kolpearen aurka egotea. Ahaztu globalizazioa. Atzerritarrena beti izan da aitzakiarik onena edozer gauza justifikatzeko (barbaroak datozela!). Eta atzerritarrik ez balego aginteari beti geldituko zaio herritar batzuen jatortasuna (bai hitz itsusia) zalantzan jartzearen aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo