GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Koplariak koplatan

Gauzak gaizki dabiltza, hau da komeria, Afganistanen gerra piztu zuten ia, tokatzen baldin bazait aurten loteria erosi beharko dut citroen berria... urte dezente joan arren, oraindik ere, noiz edo noiz, buru aldetik pasatzen zaizkit hemengo poetak gizon arruntari zuzendutako kopla haien berba musikatuak. Kopla zahar gaurkotuak. Izan ere, garai hartan citroena zer zen bai, baina Afganistan hura non demontre zen ideiarik ere ez geneukan, astirik ere ez mapamundi bati ganoraz erreparatzeko, beti zegoelako hango edo hemengo horman zer pintatua, eta ez graffitiak prezisamente. Orain, ostera, Afganistan hori leku guztietatik ageri zaigu hurbil, egunkariko jaietako eta kiroletako orrietan izan ezik, beste guztietan; tira, geratzen diren orri apurretan. Pentsatu nahi dut afganiarrei antzeko zer edo zer gertatu zaiela, eta hango behinolako koplariak bertako emakume arruntari kantatutako haietan aipatu zuen Euskal Herria hura orain ezagun dutela, eta ez kirol emaitzengatik prezisamente ere. Bai, ba, Afganistan hau han-hemengo askoren buruhauste bihurtu da, citroen eta enparauen auto-etxeen egoera beste batzuentzat buruhauste bihurtu den modura, bakoitza bere esparruan, bai, baina esparru guztiak eremu berean. Aurrean papera atzean papera, periodikoa leituz ilustratzen gera... haiexek koplak!

Tira, harira! Egunotan planetako bazter guztiek daukate buruhauste propioa, lekuan lekukoa. Asiako ekialdean tifoiak dira kezka. Atlantikoko Karibean urakanak. Munduan zabal txerri-gripea. Txerritokietan gizaki-gripea. Kaukason gerra-grina. Hondartzetan marmokak. Marmoka-lekuetan bainularien azazkal zorroztuen oinak. Vatikanoan islama; eta kondoia, jakina. Burtsan indizeak. Krisian bankariak berak. Horma-aurretan uniformeak. Eta Euskal Herrian? Hemen kezka eta koska bat bera, eta horren inguruan hamaika koplari koplatan: kale-jabetza! Horra hor sozialismo monarkikoaren izenean paparra aterata, mozorroa aurpegian, eskuak larrutan bilduta eskuinekoak ezkerrekoak kolpatua ikusi ez dezan, kalerik kale, kale egin gabe, etengabeko kalejiran, dinbi-danba, borraren muturrean kontagailua jarrita norgehiagoka, kale zabaletan jabe eurek direla agerian utzi nahian, jauntxo eta jabe. Eskerrak herri guztietan direla kale estuak, neurriko neurria dutenak, uniformeen harrokeria ezin kabitzekoak. Eta handik barrutik koplaka ari zaizkie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo