Aurtengo Fipresci saria Michael Hanekeren «Das Weisse Band» filmak jasoko du
Donostiako Zinemaldiak urteko film onenari eman ohi dion Fipresci sari nagusia Hanekeren lanak jasoko du irailaren 18an, irekiera galan. Film horrekin batera, «The Imaginarium of Dr. Parnassus», «Desert Flower» eta «London River» filmek osatuko dute Zabaltegi Perlak saila. Bestalde, Zabaltegi Bereziak sailerako bi dokumental aukeratu dituzte, bata Michael Winterbottom eta Mat Whitecrossena eta bestea Tom DiCillorena.
GARA |
Donostiako Zinemaldiaren barruan eman ohi den Fipresci sari nagusiak badu aurtengo irabazlea: Michael Hanekek zuzendutako «Das Weisse Band» pelikula. Zinema garaikidearen zuzendari miretsienetako eta sarituenetakoak beste sari bat gehitzen dio bere bildumari lan honekin, aurten Canneseko Urrezko Palma irabazi ondoren. Sari honen irabazlea Kritikaren Nazioarteko Federazioak mundu osoan dituen kideek hautatzen dute. Aurtengo edizioa irailaren 18tik 26ra bitartean ospatuko da eta Fipresci saria irekiera galan emango dute.
Bestalde, Zinemaldiko arduradunek Zabaltegi saileko gainerako lanak ere ezagutarazi zituzten atzo. Hanekeren lanarekin batera, Terry Gilliam-en «The Imaginarium of Doctor Parnassus» egongo da, genero fantastikoa lantzen duena. Horrez gain, Sherry Horman-en «Desert Flower» ikusteko aukera ere izango da, ihesaldi baten berri ematen duena. Eta azkenik, Rachid Boucharebren «London River»-ek ere osatuko du urteko film nabarmenenak biltzen dituen sail hau. Lan honetan Estatu frantsesean bizi den Ousmane musulmanaren eta Anglo-Normandar Uharteetan bizi den Sommers emakume kristauaren istorioa azaltzen da, biek haien haurrak galtzen dituztenean.
Zabaltegi-Bereziak sailean bi dokumental aurkeztuko dira aurten. Michael Winterbottom eta Mat Whitecrossen «The doctrin shock» lanak doktrina hori hainbat herrialde eta egoeratan nola ezarri den azaltzen du. Bestalde, Tom DiCillo-ren «When You're strange» lanak AEBetan ikono bihurtutako The Doors rock taldearen historiari heltzen dio. GARA