«Hamabi urtez landutakoa emanaldi bakoitzean defendatu dugu Japonian»
Japoniatik etorri berri den Renteriak sei emanaldi eskaini ditu Tokio inguruetan Zea Maysekin, eta hitz ederrak besterik ez ditu bizitako esperientzia izugarriaz. Orain entsegu lokalean sartuko dira 6. diskoa izango dena konposatzen hasteko. Bitartean, zuzeneko emanaldiak dira laukoaren lehentasuna.
Koldo OTAMENDI |
Euskal Herrian sona handia duen taldea da Zea Mays, baina Japoniako abentura honetan zerotik hasi behar izan dute ikusleria arrotz baten aurrean taldeak hamabi urte luzetan egin duena emanaldiz emanaldi erakusteko. Esperientzia aberasgarria izateaz gain, musika alorrean ere taldea indarberritu duela aipatu digu taldeko abeslaria den Aiora Renteriak. Euskal Herrira bueltan, Areatzan arituko dira gaur bertan, eta irailaren 4an berriz, Japoniako Brahman taldearen ondoan izango dira Arrasateko Hiru aretoan (3.60 aretoa izandakoa). Aiorarekin batera ezagutu dugu Japonian bizitakoa, bai eta taldearen hurrengo asmoak.
Japonian zehar bira egin berri duzue. Zer nolako esperientzia izan da?
Esperientzia izugarria izan da. Guztira sei kontzertu eskaini ditugu, eta egunero emanaldi bat egin dugu etenik gabe. Musika talde gisa oso esperientzia aberasgarria izan da. Herrialde ezberdin batean aritu gara, ikusleria ezberdin batean aurrean eta zerotik hasten den musika talde baten moduan. Orokorrean bertan topatu dugun publikoak ez zuen gure ibilbidea ezagutzen, eta taula gainean indarrak biderkatzera eraman gaitu horrek. Hamabi urte luzetan landutakoa emanaldi bakarrean eskaintzera behartu gaitu. Aretoei dagokienez, ongi prestaturiko lekuetan eskaini ditugu emanaldiak: soinu ekipo ona, argi joko politak eta akustika ona zuten lekuetan izan gara.
Nolakoa izan da aurrean izan duzuen publikoa?
Jo ditugun kontzertu guztietan bertako taldeak izan ditugu taula-lagun eta nagusiki talde horiek izan dira ikusleak eraman dituztenak. Era askotariko taldeekin jo dugu, eta beraz, ez zen musika estilo zehatz bateko publikoa. Horietako askok, Euskal Herriaz zerbait bazekiten, edota lehenago Japonian izandako euskal musika taldeak ezagutzen zituzten. Orokorrean, ikusle nahikoa izan dugu emanaldietan, jakinik, bertan ez gintuela ia inork ezagutzen eta zerotik abiatzen genuela gure jarduna.
Japoniara abiatu aurretik taldea promozionatzeko aurreko lana egin zenuten.
Gu bertara joan aurretik, saiatu ginen Japonian gure diskoak mugitzen, baina promozioa egitea lan zaila da gurea bezalako talde txiki batentzat. Bertako taldeekin jo izanak, ahalbidetu du ikusle kopuru majo baten aurrean jo ahal izatea, eta horietako askok gustuko izan dute gure proposamena. Ikusleen artean baziren Youtuben bideoak ikusi zituztenak eta erreferentzia bat bazutenak, baina, oro har, aurrean genuen ikuslea ez zen rockzalea. Guretzat, Japoniarekin izandako lehen hartu emana izan da, eta, zentzu horretan, aurrera begira zutabeak finkatu ditugulakoan gaude. Emanaldiak amaitzean kamisetak eta CDak saldu ditugu eta horrek, batzuk bederen gustuko izan dutela esan nahi du, eta oso pozik gaude alde horretatik.
Azken urte hauetan guztietan, Euskal Herriko musikari askok aukeratu dute Japonian jotzea. Napoka Iria, Layo Raser, Lobo Electrico, Sagarroi, Berri Txarrak eta Esne Beltzak kontzertu birak egin dituzte. Bada zirkuiturik euskal musika taldeentzat Japonian?
Bai. Japonian bada jada kontzertu aretoen zirkuitu sendo bat, eta emanaldiak eskaintzeko baldintza edo baliabide onak dira. Zentzu horretan, Euskal Herriaren eta Japoniaren arteko elkarlana bultzatzen duen sustatzaile bat badago, eta horrek asko errazten ditu lanak. Ugariak dira ere, Euskal Herria bisitatu duten talde japoniarrak, eta norabide horretan, joan-etorriko truke bilakatzen dira kontzertu birak. Dena da hain ezberdina Japonian: jendearen izaera, bertako nortasuna, bizitzeko era... Talka kulturala handia da, eta hori bertatik bertara bizi izana biziki aberasgarria da. Musikari gisa erronka handia da ohikoa ez den publiko baten aurrean jotzea, zure gune naturaletik kanpora ikusleria arrotz baten aurrean. Aurretik Alemanian eta Herbehereetan ere izanak gara, baina Japoniakoa zeharo ezberdina da. Arazo handiena bidaia ordaintzea da, hori da garestiena, baina hortik aurrera esperientzia izugarria da. Merezi du esfortzu hori egiteak.
Nolakoak izan dira emanaldiak. Nola prestatu dituzue zuzenekoak.
Orokorrean 40 minutu inguruko emanaldiak izan dira eta, beraz, kantu zerrenda moldatu behar izan dugu. Nagusiki azken diskoko kantuak sartu ditugu, eta kantu azkarrak nagusitu dira emanaldi gehienetan. «Abiadura handian», «Gizakiak gizakia hil du» eta gisa horretako kanta azkarrak alde batetik, eta «Morphina», «Elektrizitatea» eta tankerakoak bestetik, musikalki garapena eta igoera-jaitsierak dituzten kanta mota horiek. Modu horretan, taldearen bi aurpegiak ezagutzeko aukera eman dugu.
Gainera, bitxikeriaren bat ere prestatu zenuten Japoniako birarako.
The Blue Heards Japoniako taldearen bertsio bat prestatu genuen zuzenean jotzeko eta arrakasta itzela izan zuen bertakoen artean. 90eko hamarkadako punk taldea izan zen eta Japonian oso ezagunak dira oraindik ere; 16 urteko gazteek ere ezagutzen dute. Bitxikeria bat ere izan genuen kantua jo genuenean: Talde horretako bateria-jotzaile izandakoa gure kontzertuan izan zen, eta kantua nola jotzen genuen entzuteko aukera izan zuen. Une horretan, bai guk bai berak bizitako sentsazioak sekulakoak izan ziren. Ikusleek ere asko eskertu zuen kantu hori jo izana eta, dantza batean erotu ziren.
Europa eta Japonia alde batera utzita eta Euskal Herritik kanpoko emanaldiekin jarraituz, irailaren 19an Vic-en (Herrialde Katalanak) ariko zarete.
Beste pauso bat taldearentzat. Estatuan izan ginen «Morphina» diskoa atera bezain pronto eta orain berriz furgoneta hartu eta kanpora ateratzeko erabakia hartu dugu, errepidera. Herrialde Katalanetan badago zirkuitu bat eta euskal talde batzuk aritzen dira eszena horretan. Saiakera egin nahi dugu eta Vic-eko emanaldia aukera polita da guretzat. Noizean behin ateratzen dira Estatuan kontzertuak emateko aukerak eta aprobetxatu egin behar dira. Madrilera eta Galiziara bidaiatuko dugu laster, bertako bi taldeekin egin behar dugun bira bat dela medio. Horrelako esperientzia batek, Japonera joan izanak, bizitzako arlo guztietan aberasten zaitu, ez bakarrik musika arloan.
Hamabi urtez etenik gabe taula gainean, eta gainera, hasierako lau taldekide berberekin. Non dago sekretua.
Guretzat egunez egun eginiko bidea da. Taldea sortu genuenean lagunak ginen jada eta denborarekin koadrila bihurtu gara. Gure erritmoa eramaten jakin izan dugu, baita taldearen inguruan dagoen guztia zaintzen ere. Neska lagunak, haurrak, familia, bakoitzaren lanak errespetu handiarekin eramaten ikasi dugu. Musika taldearen eta norberaren bizitza pertsonalaren arteko oreka mantentzen saiatu gara beti. Japoniara esaterako, neska lagunekin eta familiarekin bidaiatu dugu, esperientzia hori denok batera bizi ahal izateko. Azken batean, taldearen parte dira.
Urte luzez taula gainean. Zerk bultzatzen du taldea aurrera egitera?
Oraindik ere gauza txikiekin emozionatu egiten gara. Japoniako bira izugarria izan da zentzu guztietan, baina hemen gaztetxe bat betetzeak ere izugarri pozten gaitu. Emanaldi baten ondoren, entzule batek gustuko izan duela esaten dizunean, aurrera jarraitzeko bultzada txiki bat ematen dizu. Horrelako gauzak dira aurrera jarraitzeko indarra ematen dutenak. Jendearen erantzunak bultzatzen zaitu aurrera egitera.
2007ko abenduan ikusi zuen argia «Morphina» diskoak. Dagoeneko kantu berriak sortzen ariko zarete.
Entsegu lokaleko lanetan gabiltza dagoeneko, baina erritmo lasai batean. Zirriborro batzuk eginak ditugu, baina hitzak eta kantuak oraindik osatu gabe daude. Tresneria berria probatzen ari gara, gauza ezberdinekin jolasten, soinu eta efektu berriak ezagutzen... Gauza txiki hauek marraztuko dute disko berriaren norabidea. Aurten Japoniako bira izan da gure erronka, eta orain amaitu ondoren, hasiko gara disko berria izango dena prestatzen. 2010ean eskuetan disko berri bat izan nahiko genuke. K. O.
«Ez da gauza bera Kafe Antzokian edo jaietako txosna gunean jotzea. Aretoetan abesti lasaiagoak jo ditzakezu, eta kalean berriz kanta azkar eta indartsuak».
«Kantuak moldatzea jolas bat da guretzat, eta besteak beste, The Queens of the Stone Age, Red Hot Chili Peppers, Itoiz eta Pearl Jam-en kantuak moldatu izan ditugu».