Ipar Euskal Herriko zenbait hautetsi trenbide berria eraikitzearen alde agertu dira
Aurreikuspenak betetzen badira, Ipar Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenak ibilbide berria izango du, Baiona trenbide-lotune izango duena. Atzo, bertako Suprefekturan egindako bilera batean, Estatu frantseseko ordezkariek, Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik eta erakunde publikoetako arduradunek baiezkoa eman zioten AHTren ibilbide berria bultzatzeari, proiektuak hautetsien eskaerak kontuan hartzen baditu. Era honetan, hautetsiek orain arte izan duten posizioa aldatu dute.
Posizio berri honek, hainbat arrazoi direla medio, AHTren aurka dauden herritarren eta erakundeen birkokapena ekarriko du ziur asko. Aurkakotasun hau funts handiko arrazoietan oinarritzen baita: ekonomikoak, politikoak, ekologikoak, sozialak... Horrexegatik esfortzu berezia egin beharko dute orain herritarrei arrazoi hauek esplikatzen.
Horretarako, ezinbestekoa da ibilbide berriari buruz egitekoak diren txosten teknikoak zorrotzak eta neutralak izatea. Bestetik, ikuspuntu abertzale batetik, garraioak Euskal Herriaren egituraketan izan beharko lukeen papera aipatu ere ez dela egiten nabarmendu behar da.