GARA > Idatzia > > Kultura

ESZENAK

Sute osteko errautsa

Zeugaz egingo dugu uger gura dozun beste bider» kantua entzun ostean, suak irentsi zuen Marijaia gau ilunean eta honen errautsak ibaiko uretan sakabanatzearekin batera amaitu zen aurtengo Bilboko Aste Nagusia. Duela 196 urte, suak jan zuen Donostia ia osoa ere. Izan ere, abuztuaren 31 honetan, 1813. urteko sutean hil eta hiria errautsetatik zutitu zuten guztiei omenaldia egingo zaie, baina ez horiei bakarrik, baita aurten mendeurrena betetzen duen Realari ere. Eta sutetik ihes egin zuen kale bakarrean, egunean zehar izango diren ospakizunekin batera, gaueko bederatzi eta erdiak izango direnean, argia joan egingo da kandela eta suziriei bide emateko. Eta suak guztia birrintzeko ahalmena duen moduan, badu errautsetatik berpizteko gaitasuna ere. Eta berpizte lan honetan, abuztua, uda eta festak amaitzen ari diren neurrian, badira gogoz beterik datozen beste su batzuk ere, hala nola irailean izango ditugun Egiako Porrontxo jaiak eta Donostiako 57. Zinemaldia. Beraz, suak suntsitutakoa errauts bilakatuta ere, errauts hauek haizeak bildu eta zerbait berria sortuko dute.

Eta antzerkiari dagokionez, atzo amaitu zen aurtengo Araiako XVI. Umorezko Antzerki Jaialdia. Abuztuaren erdialdean hasitako jaialdi honek emanaldi anitz eskaini dizkigu Arabako hainbat herritan eta aurtengoagatik, honek ere, eman ditu bereak. Baina bada beste aukerarik gure hirian, izan ere, igandera arte Voragine antzerki taldearen eskutik Jean Baptiste Poquelin Moliere antzerkigilearen «El enfermo imaginario» antzezlana ikusterik izango baitugu Antzoki Zaharrean. Baina ez hori bakarrik, izan ere, irailaren 3tik 6ra bitartean Usurbilen I. Topa Eszenika ospatuko baita. Txerriki antzerki taldeak, Artedramak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko topaketa honetan euskarazko ikuskizunak eta tailerrak izango ditugu. Hala nola dantza sorkuntza, gorputz espresioa, antzerki errepresentazioa, joko eszenikoak lantzeko aukera eskainiko die bertaratzen diren guztiei. Eta ikuskizun eta ekitaldiei dagokienez, lehenengo egunean «Aktorea XX. Mendean: teknika estetikaren bila» liburuaren aurkezpena eta «Jan da ixo», «Lauetan Biok Seigarrenean» eta «Kazetariak» antzezlan motzak ikusteko beta izango dugu. Bigarren egunean, berriz, Alproja taldearen eskutik, «Gernikaren heriotza» eta helduentzako ipuin kontaketaz gozatzeko aukera izango dugu, Ixabel Agirresaroberen eskutik. Hirugarren egunean, «Apartamentua» eta «Neure itu maitia» umorezko bakarrizketak izango ditugu eta azken egunean, berriz, «Herioa eta dontzeila» antzezlanaren irakurketa dramatizatua izango dugu. Eta Euskal Herritik kanpo, Tarregako Fira ere bertan daukagu.

Uda amaitzear dagoen honetan, suteek milaka lurralde suntsitu eta basoak basamortu lehor eta antzu bilakatu dituzten honetan, haizeak errautsak bildu, eta zerbait berria sortuko dute iluntasunak argiari gero eta leku gutxiago utziko dion udazkenarekin batera. Sute osteko errautsak berritasuna baitakar bere magalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo