GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

A gripea hasi da goi mailan ere arrastoa uzten

Avironen lehen taldeko bi jokalari ere gaixotasun horrek jota daude antza.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA |

Azken hilabete hauetan guztion ahotan dabilen A gripea heldu da goi mailako errugbira ere, baita euskal taldeetara ere, izan ere, une honetan Avironek bi jokalari ditu A gripeaz kutsatuta. Baionarrek, ordea, ez dituzte ezagutzera eman jokalari horien izenak, eta gaur Racing Metroren aurka jokatuko du taldeak.

Joan den ostiralean Stade Françaisen aurka jokatu zuen talde zuri-urdinak, eta astelehenean, Parisko taldeak ezagutzera eman zuenez, Anoetan izan ziren hiru jokalari daude gaitz horrek jota. Horren ondotik, Avironek ere beste kasu baten berri eman zuen eta azken orduetan bigarren bat ere azaldu da. Hala ere, bi taldeek beren norgehiagokak jokatuko dituzte.

Egoera okerragoa da, ordea, Castresen. Taldeko zazpi jokalari daude kutsatuta, eta une honetan taldearen jarduna geldirik dago. Gaur jokatu behar zuen partida bertan behera geratu da, baita datozen jardunaldietakoak ere. Beraz, oraindik inork ez daki talde honek noiz ekingo dion berriz jardunari. Hasteko, denak sendatu arte ez dirudi entrenamenduetara itzuliko direnik, beraz, partida batzuk igaroko dira taldea berriro zelaietara itzultzerako. Taldeak kezkatuta daude egoera hau dela-eta, izan ere, une honetan hiru talderi erasan baitie gaitzak. Egoera latzena Castresena da, jokatzeari utzi behar izan baitio.

Errugbian jokalarien artean kontaktua estua izaten da, eta ondorioz erraza da elkarri gaixotasun hau kutsatzea. Alde horretatik, taldeen eta Top 14ko arduradunen kezka nabarmena da.

Biak kanpoan

Kontuak kontu, eta kezkak kezka, Ligak aurrera egingo du, oraingoz behintzat, eta bai Biarritzek bai Avironek etxetik kanpo jokatuko dituzte beren norgehiagokak.

Baionako taldearen inguruan gripea izan bada ere nagusi azken aste honetan, badirudi bi ez beste jokalari guztiak jokatzeko moduan daudela, nahiz eta jokatzerik ez duten horien izenik ez den ezagutarazi.

Zuri-urdinek garaipen handi bezain garrantzitsua erdietsi zuten joan den astean Staderen aurka, eta indartsu joango dira Parisera Metro Racing taldearen aurka jokatzera. Frantziarrek dirutza xahutu dute aurten, jokalari garrantzitsu eta ezagun asko batu baitituzte taldera, eta Ligako finalerdietan izatea da beraien helburua. Avironek, ordea, hasiera ona eman dio Ligari, lehen jardunaldian galdu bazuen ere, itxura bikaina eman baitzuen egungo txapeldunaren zelaian.

Biarritzek partida erosoagoa izango du Bourgoinen zelaian. Frantziarrak sailkapeneko azkeneko postuan daude, puntu bakar bat ere lortu gabe. Diru arazoak ere izan dituzte, eta, antza denez, aurten maila galtzeko hautagaietako bat izan liteke.

Biarritzek ezin du aukera alferrik galdu. Egoera larrian dabilen talde bat mendean hartu beharra dauka, eta sailkapeneko lehen postuetan burua sartu. Gaur galtzea kolpe handia litzateke zuri-gorrientzat, hauen helburua ere goiko muturrean ibiltzea besterik ez baita. Biak norgehiagokak 16.00etan hasiko dira.

Bera Berak jokalariak fitxatzen jarraitzen du

Bera Bera talde indartsu bihurtu nahian dabil, eta jokalariak fitxatzen jarraitzen du. Aste honetan bertan bi ekarri ditu, eta azkena Goiti izan da. Asteon aurretik Davila ere fitxatu dute, eta joan den astearen bukaeran baita Hiriart ere. Aurretik ez da ahaztu behar Larretxea eta Astarloa ere ekarri dituztela. Beraz, lehen postuetan ibiltzeko taldea osatzen ari dira donostiarrak.

Ordizia eta Gernika ere ari dira beren lana egiten, nahiz eta hauek bestelako helburua izan. Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek mailari larritasunik gabe eustea dute helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo