GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria

Facebook-en al zaude?

Facebook gora eta Facebook behera. Urte gutxiren buruan hedapen ikaragarria izaten ari den Interneteko zerbitzu bat da Facebook, sare sozialen kontzeptua on line eremura eramaten duena (2004an sortu zen eta 2009ko uztailean 250 milioi erabiltzaile zituen). Ez da, ordea, gisa honetako web-zerbitzu bakarra. LinkedIn.com eta MySpace.com-ek ere sare sozial birtualak sortzea ahalbidetzen dute, baina Facebook da, zalantzarik gabe, entzutetsuena. Horiek guztiak, pertsonen komunikatzeko modua aldatzen ari dira. Eta komunikatzeko modu berri eta ezberdin horietatik abiatzen dira, hain zuzen, Facebook-en delikatuenak diren eta, hortaz, aipamen bat merezi duten bi auziak: pertsonen arteko komunikazioa eta norberaren pribatutasunaren zabaltzea.

Internet, oro har, pertsonen artean komunikatzeko moduak aldatzen ari dela entzuten dugu maiz. Internetetik harago, ordea, Facebook-en gisako zerbitzuek gure beste «ni» bat sortzeko aukera eskaintzen digute, «ni» hori on line profil baten bitartez aurkeztuz. Baina profil horietan zabaltzen den informazioa, benetakoa al da? MIT Massachusetts Institute of Technology-n egindako ikerketa baten arabera («Facebook: Threats to Privacy»), ia %100ean, benetako profilak sortzen dira, alegia, erabiltzaileek egia osoa kontatzen ez duten arren, kontatzen dutena egia dela baiezta daiteke.

Behin gure profila sortuta, gure on line sare-soziala sortzeari ekiten zaio. Erabiltzaileen arteko loturak sortzen dira eta, lotura horiek ezartzen ditugunean, gure «lagun» gisa definitzen dira. Lagun horien Facebook-eko orrietan gure ekarpenak idatz ditzakegu eta baita beraiek gurean ere. MSU Michigan State University-n egindako beste ikerketa batean diotenez («The beneficts of Facebook Friends»), Facebook-ek off line ditugun harremanak on line eremura eramaten ditu. Kasu gehienetan, beraz, Facebook ez da lagun berriak egiteko erabiltzen, lagun zaharrak, kontaktua galdutakoak edota egun ere gure lagun edota ezagun direnekin kontaktuan mantentzeko erabiltzen da.

Hori horrela, eta ikerketa beraren arabera, beste pertsonekin komunikazioak hasteko arazoak dituzten pertsonentzat tresna komunikatibo eraginkorra bilakatu da, pantailaren atzetik harremanak hastea errazagoa zaiela baieztatu baita. Era berean, komunikatzeko arazorik ez dutenen kasuan, «Facebook-en kontatu ez dudana gertatu ez balitz bezala da, inor gutxik jakingo baitu» sentsazioa gero eta handiagoa da. Badiote, gainera, erabiltzaile aktiboenak direla, hain zuzen, informazio gehien zabaltzen dutenak (maiztasun eta kopuru terminoetan). Eta mendekotasuna ere sor dezakeela (batez beste, erabiltzaile bakoitzak 20-30 minutu eskaintzen dizkio egunero Facebook-i, eta 150-200 lagun inguru izaten dituzte).

Jakina da pantailaren atzean gero eta denbora gehiago egoten garen unean, aurrez aurreko harremanetarako minutu gutxiago izango ditugula. Baina ezaugarri negatibo honi alde argia ikusi nahian-edo, MSUn egindako ikerketan, teknologia-bidezko interakzio edo elkarrekintzak eragin positiboa duela baieztatzen da, komunitateetan parte hartzeko gaitasuna garatzen delako eta, oro har, «kapital soziala» handitzen duelako. Era berean, teknologien bitartez, bestela existituko ez liratekeen konexio eta elkarrekintzak sortzen direla defendatzen dute. Alegia, beste kasu batzuetan gertatzen den moduan, Interneti dagokionean, off line eremuan aktiboki funtzionatzen ez duten zenbait harremanek on line, teknikoki, Facebook-en funtzionatzen dute.

Beraz, egia da Facebook-ek komunikatzeko modua aldatzeko potentzialtasuna duela, baina horrek ez dakar, bere baitan, gure harreman sozialen dekadentziarik. Komunikatzeko beste modu bat gehiago da, aurrez aurrekoari denbora lapurtzen diona, baina honen kalitatea, izatez, degradatzen ez duena. Halere, «Facebook-en kontatzen ez dudana, ez da gertatu» edota «eguneratua sentitzeko, Facebook-era konektatu behar dut» sentsazioek Facebook-en erabileraren inguruko hausnarketa partikularra eskatzen dute, ezinbestean.

Pribatutasunaren zabaltzea. Komunikatzeko modua aldatzen bada, hori gure «ni»-a «biluzteko» edo gure «ni»-az informazioa emateko modua aldatu delako da. Facebook-en nor garen, noiz eta non jaio ginen, zer ikasten dugun edo lanean non ari garen, zein den gustuko dugun musika, aisialdia nola kudeatzen dugun, argazkiak (bertan zein dauden adierazteko aukerarekin) eta nahi dugun oro jar dezakegu, baita gure e-posta eta telefono zenbakia ere, nahi badugu. MITen egindako ikerketaren arabera, galdeketa bete zuten Facebook erabiltzaileen %20k beren mugikorreko zenbakia ere erakusten zuten Facebook-eko profilean. Beraz, informazio asko eta asko zabaltzen da, baina ekintza horrek gure pribatutasunaren kudeaketan dituen eraginen inguruko eztabaida sakonik ez da ematen. Facebook erabiltzaile gehienek, Facebook zergatik eta zertarako erabiltzen duten galdetzean, lagunekin kontaktuan egoteko erabiltzen dutela defendatzen dute, horren ordainetan beraien pribatutasuna sarean argitaratzen dutela inplizituki onartuz.

Zalantzarik gabe, teknologien munduan pribatutasunaren zentzua faltsua da. Segurtasuna eta pribatutasuna buru-egoerak dira; alegia, seguru sentitzen gara, segurtasun neurririk hartzen ez badugu ere. Horren erakusle da, MSUko ikerketak dioen moduan, Facebook erabiltzaileek beren profilaren irakurle posibleen inguruan duten pertzepzioa. Gehientsuek baieztatzen dutenaren arabera, beraien profila Facebook-eko lagunek eta beste zenbait bisitari ezezagunek irakurtzen dute. Eta publiko horren aurrean, pribatutasunaren sentsazioa faltsua izatea normala da. Kontua da hori ez dela inondik ere errealitatera gerturatzen.

Facebook-eko informazioa Interneten dago. Baina Internet mundura begirako leihotzat ulertzen dugun une berean, munduari gure leihoa irekitzen diogula ere kontutan hartu behar dugu. Eta mundua ez dira gure lagun eta ezagunak. Mundua hortik harago doa. Mundua ezezagunak diren, antolatuak egon daitezkeen eta dena delako interesak dituzten pertsona, enpresa eta erakundeek ere osatzen dute. MITeko ikerketarako, adibidez, bi ikaslek aplikazio informatiko sinple bat sortu zuten. 48 lanordu behar izan zituzten aplikazio horren garapenerako, baina milaka pertsonaren profilak deskargatu ahal izan zituzten. Ikasle horiek egin zutena, ez izan zalantzarik, enpresa, polizia indar eta gainerakoek ere egin dezakete, 48 ordu edo gutxiagotan.

Baina, halere, Facebook-ek berak ere zabaltzen du erabiltzaileek idazten duten informazioa. Facebook-en webguneko «Pribatutasuna» atala irakurtzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Argudio andana ematen dituzte informazio hori beste batzuei zabaltzeko, erabiltzailearentzat erabat ona dela defendatuz. Baina hori horrela izanik ere, MITeko ikerketaren arabera, %90ek ez ditu Facebook-en erabilpen-baldintzak irakurri eta erabiltzaileen %76k ez du inolako kezkarik adierazten Facebook-en pribatutasun politiken inguruan. Informazioa boterea dela edozeinen ahotan entzuten dugun garaiotan, kezkagarria da benetan gure datuen kudeaketaren inguruko ardurarik ez izatea.

Pribatutasunaren harira hiru auzi nagusi daude: lehena, erabiltzaileek informazio gehiegi zabaltzen dutela (zergatik? zerk bultzatuta?); bigarrena, Facebook-ek ez dituela nahikoa segurtasun neurri hartzen (teknikoki aztertuta dago eta, pentsa, 48 ordutan milaka profil eta, beraz, informazio asko eta asko deskargatu daiteke), eta hirugarrena, mundua osatzen duten ezezagun interesatu guztiek etengabe miatzen gaituztela, kasu honetan Facebook-en bitartez (hauek informazioa eskuratzeko aukera izateaz gain, Facebook-ek eman ere egiten du).

Jakin badakigu informazioa boterea dela: horra Google eta horra Facebook. Hauei, ordea, informazioa guk geuk ematen diegu, borondate osoz baina konturatu gabe. Azken kasuan, ordea, gure informazioaren zabaltzea gure esku dago. Ezinbestekoa da pribatutasunaren inguruko hausnarketa sakon bat, partikularra eta kolektiboa. Baina badirudi, Facebook-ek pribatutasunaren aurkako atentatu gehiago burutu eta hauek lau haizetara zabaltzen ez diren bitartean, ez dela pribatutasunaren pertzepzio errealik izango. Zu Facebook-en al zaude? Eta irakurri al dituzu pribatutasun politikak Facebook.com-en?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo