San Miguel liga
Hamaika irabazteko jaioak dira Castroko mutilak
Hondarribiak estu hartu zituen kantabriarrak, baina ez zen nahikoa izan.
GARA | ORIO
Lau egun baino ez dira falta Kontxarako sailkapen saioa jokatzeko. Talde askok hantxe dituzte jarrita denboraldi irregular baten mina baretzeko itxaropenak, eta beste batzuk egindako on guztiei jarraipena emateko asmoak. Azken asteotan bizi izandakoaren ostean, batez ere Orio eta Pedreñaren garaipenen ondoren, ez ziren gutxi Castroren boterea zalantzan ikusten hasia zirenak. Baina Orioko estropadak heldu eta batzuen zorionerako eta beste batzuen zoritxarrerako, aurtengo San Miguel ligak lehengo lepotik du burua. Castrok, orain bai, liga ofizialki irabazi du.
La Marinera ontziak ohiko bihurtu duen estiloa berrezarri zuen. Lehendabiziko luzeetan arerioak ikuskatu eta haien indarrak neurtu zituen. Atzo Hondarribia izan zen kantabriarrei lan gehien eman zien ontzia, eta hala laster jarri ziren buruan Gimeno eta Amunarrizen mutilak. Hirugarren ziabogan bi segundoko aldea baino ez zuten La Marinerakoek. Bueltan, gipuzkoarrak saiatu ziren ontzi gorria itotzen, baina ezin izan zuten. Parean ere jarri ziren, baina azken unean agerian geratu zen Castroren indarra eta bi segundo aurretik sartu ziren Gimenoren gizonak.
Hurrengoa izan zen Castrok itsasoratu zuen mutil-taldea: Iker Gimeno, Jose Angel Cambados, Javier Vilariño, Pedro Laza, Xabier Etxebeste, Aitor Dorronsoro, Sorin Silviu Dragan, Antonio Miguel Montenegro, Sergio Montenegro, Jon Iriondo, Jose Antonio Acebal, Alexander Esteban, Jon Elortegi eta Iurgi Iruretagoiena.
Pozik ageri zen Juan Mari Etxabe garaipenaren ostean. «Estropada txukuna egin dugu, eta hamaikagarren ikurrina lortu», zioen. «Baina guk aste honetan egon nahi dugu ondo, aurkariak geroz eta hobeto daudelako», esan zuen kezka aurpegiz Castroko prestatzaileak.
Istripuak bigarren txandan
Bigarren txanda bertan gertaturiko istripuengatik izango da gogoratua. Pedreña eta Kaiku hasieratik jarri ziren tandaren buruan. Atzetik Urdaibai zetorren, eta atzerago Zarautzeko Enbata. Baina handik gutxira bi ontzi urdinek ezbehar ezberdinak pairatu zituzten. Lehenengo bermeotarren txanda izan zen. Bigarren ziabogan sartu zirenean, proelaren arrauna trabatu egin zen balizak zintzilik dituen sokekin, eta 35 segundo galdu zituzten ontzia berriro martxan jarri arte. Hirugarren ziabogan zarauztarren txanda izan zen: maniobran ari zirela patroia uretara erori zen, eta arraunlarietako batek joan behar izan zuen hari laguntza ematera. Kontuak kontu, Kaikuk ezin izan zuen jarraitu Pedreñaren erritmo bizia, eta hala kantabriarrek erraz lortu zuten tandan nagusitzea, bide batez erakutsiz Kontxarako arerio zital bat izan daitezkeela aurten ere.
Horrez gain, eguneko beste izen propioa Arkoterena izan zen. Plentziarrak azkenengo postua atzean utzi gabe ziren aurtengo denboraldi osoan, baina atzokoan lortu zuten. Euren tandan Meirako traineruaren aurretik heldu ziren, eta, horrez gain, bikain probestu zuten Urdaibairen akatsa hamargarren postuan bukatzeko.