GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Filipe Aramendi Hamabi herrietako hautetsi abertzale talde baten izenean

Lapurdi Hegoaldeko Herrien arteko Elkargoaren lehendakariari gutun irekia

 

Prentsaren bitartez jakin dugu 2009ko agorrilaren 6ko herrien arteko Kontseiluan Tours eta Bordeleren arteko Abiadura Handiko Trenaren finantzatzeko «nahikeria adierazpen bat» bozkarazi duzula.

Lehenik jakin nahi dugu erabaki hori legezkoa den, herrien ordezkariei helarazi zenien biltzar horren gai-zerrendan ez baitzen. Gai-zerrendan zegoen gai bakarra «Europa hegoaldeko AHTri buruzko mozioa» zen. Baina, hau zen Baiona eta Bidasoaren arteko edozein trenbide berriren aurkako mozioa, inondik ere Tours eta Bordeleren arteko trenbide berriaren finantzatzeko.

Hori, alde batetik, eta bestetik, inarrosten gaitu berriz ere zure hitza jan duzula ikustea. Izan ere, hitzeman zenuen zuzentzen duzun Herrien arteko Elkargoak Tours eta Bordeleren arteko trenbide berriari buruz ez zuela inongo erabakirik hartuko manatu zenuen ikerketa independentearen emaitzak ezagutu arte.

Antolatuak izan diren biltzar publiko guztietan jarrera hori errepikatu zenuen. Gaur, bozketa honek, hitza jan duzula erakusten digu. Usaia hartzen ari gara, zoritxarrez. Izan ere, gogoratzen gara, 2008ko azaroaren 14an, gure arteko ordezkaritza bat errezibituko zenuela agindu zenigula. Hitza ez zenuen bete!

Alta, eta emaitzak goaitatu gabe, baldintzapeko hasierako onarpena ematen duzu, 8 milioi euroko finantzamendu batentzat.

Berriz ere prentsari esker jakin dugu diru engaiamendurik ez zegoela. Ondorioz zergatik adierazpen hori bozkatu? «AHTren aurka ez ginela erakusteko», omen!

Baina horretarako ez da intentzio adierazpenik behar, aski da erratea ez garela AHTren aurka, hor dauden bideak baliatzen diren bitartean, RFFek aitzinatzen dituen argudioak ez baitira batere sinesgarriak. Horregatik ikerketa independentea eskatu zenuen.

Funtsean, ez al zara Herrien arteko Elkargoaren esku utzi nahi den finantzamendu bati buruz gogoak prestatzen ari? Funtsean, ez al zara interes politiko batzuengatik gogoak prestatzen ari, trenbide berri baten onartzera gogoak eramaten ari, horrek lituzkeen ondorio ikaragarri guztiekin?

Nola har dezakezu horrelako erabakirik zure postua ez duzularik hauteskunde zuzen batzuei esker lortu? Herrien arteko Elkargoko ordezkariek hamabi herrietako biztanleriaren erdia doi-doia ordezkatzen dutelarik?

Berriz ere, gure arteko ordezkaritza bat errezibitua izan dadin eskatzen dizugu, hemen egiten ditugun galderei erantzun diezaiezun. Ez dugu ezetzik onartuko.

Hitzordu bat finkatzea goaitatzen dugu eta horretarako zure deiaren zain gaude.

Bitartean eskura ezazu, jaun lehendakari, gure agurrik abertzaleena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo