GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Jaietan murgilduko dira datozen hamar egunotan bermeotarrak

Bihar arratsaldean emango diete hasiera «ofiziala» Bermeon andramariei suziri zaratatsuekin, eta hilaren 16ko Santa Eufemia egunera arte festa izango da nagusi herrian. Hamar egun luze iraungo dituzte jaiek eta egitarau oparoa osatu dute adin guztietako jendeak jaiez gozatzeko. Gaur, esaterako, untxi gisatu txapelketa izango dute Almikan giroa berotzen hasteko, eta orein-pintxo dastaketa eta idi probak ere izango dira.

p021_f2.jpg

GARA |

Festa giroaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok datozen egunotan. Aurten ere Almikako jaiekin hasi dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta aurreneko asteburua joan da dagoeneko. Krisi ekonomikoa guztion ahotan dabilen arren, iazko aurrekontuari eutsi diote Bizkaiko kostaldeko herri honetan eta hainbat berrikuntza ere izango ditu ohiko egitarauak.

Guztira 284.000 euro izan dituzte jaiak antolatzeko eta 100 ekitaldi baino gehiago izango dira. Musikak hartuko du leku nagusia herriko festetan ohiko den legez, eta hainbat eta hainbat talde eta abeslari igoko dira oholtza gainera. Coti argentinarra, Kerobia nafarrak, Potato eta Benito Lertxundi daude ezagunenen artean.

Bestalde, egitarauko berrikuntzetako bat antzerkiak izango duen garrantzia da. Hilaren 3an hasita, irailaren 16ra arte Patxi Bilbao Zalbidearen «Azul Marino» lana ikusteko aukera izango da.

Esan bezala, asteburu honetan Almikako jaiekin bermeotarrek festa giroaz gozatzeko lehen aukera izan dute. Izan ere, bihar arratsaldean abiatuko dira andramariak suziri jaurtiketarekin eta fanfarreen jaitsierarekin, baina horren aurretik gaurko ere hainbat ekintza prestatu dituzte.

11.00etatik aurrera, untxi gisatu txapelketa egingo dute Almiken eta arratsaldean idi-probak eta orein-pintxo dastaketa izango dira. Trikitiaren doinuak alaituko du giroa eta eguerdian txinga-eroate eta sokatira lehiaketak egingo dituzte.

Fanfarreekin jaitsiera

Astelehen arratsaldean hasiko dira Andra Mari jaiak «ofizialki» Bermeon eta hamar egun luzez jai giroa izango dute herrian bermeotarrek. Fanfarreek herrian zehar egingo duten kalejirarekin egingo du eztanda festak. Almikatik jaitsiera hasteko hitzordua 19.00etan dago jarrita. Horren ondoren, alkatearen pregoia, ikurrina jasotzea, aurreskuak eta Xixiliren aurkezpena egingo dituzte udaletxean festeei hasiera emateko.

Lehendabiziko gaua bukatzeko, Kerobia talde nafarrak kontzertua eskainiko du portuan, baina aurretik, 21.00etan, irrintzilarien erakustaldia egongo da Frantzisko Deuna plazan.

Hilaren 16an ospatzen den Santa Eufemia egunera arte luzatuko dira festak Bermeon, eta asteburuaz gain, aste barruan ere izango da giro paregabeaz gozatzeko parada. Asteartean Andra Mari eguna izango da eta egun osorako ekitaldi andana antolatu dituzte.

Goizean txistulariak, buruhandiak, erraldoiak eta trikitilariak ibiliko dira kalez kale eta arratsaldean haur danborrada eta eskupilota partidak izango dira. Gauean, Okasientes eta Zodiacs taldeen kontzertua eskainiko dute. Bermeotarrak dira bi taldeak eta herritarrak gustura uzten ahaleginduko dira. Astondoa su-etxearen ikuskizuna eta suzko zezena ere izango dira.

Asteazkenean, Arrantzale Eguna ospatuko dute. Jai garrantzitsua da bermeotarrentzat eta giro bikaina izan ohi da egun osoan. Arrantzaleen omenezko meza batekin hasiko dira ekitaldiak, eta ondoren kalejira eta lore eskaintza egingo dituzte. Fanfarre, trikitilari eta aurreskuak helduko dira 13.00etatik aurrera eta arratsaldean ere kaleak animatzen arituko dira.

Gauean, Hermanos Anoz eta Haitzamak taldeen txanda helduko da Frantzisko Deuna plazan. Lehenengoek, Nafarroako folklorea eta mexikar eta hegoamerikar abestiak ekarriko dituzte, Haitzamak, berriz, erromeria eskainiko du. Aldi berean, portuan FM diskoteka egongo da gaueko 01.00etatik aurrera.

Hilaren 10ean, Benito Lertxundik emango duen kontzertua izango da eguneko ekitaldi nagusienetakoa. Bestalde, haurrek ere ondo pasatzeko aukera ederra izango dute herriko portu zaharrean jarriko duten uretako parke izugarrian. Eta antzerkia gustuko duenak 19.30ean «Ellas Bailan Solas» Pikor teatro taldearen kale antzerkia du aukeran.

Hurrengo egunerako umeentzako tailerrak antolatu dituzte. Nagusientzako ekintza gehien bilduko duen eguna izango da hau, herri bazkaria egingo baitute Kasinoan. Bazkalosterako gainera, Duo Marfilen kantaldia eta Oscar Vivoren ikuskizuna daude prestatuta.

Pottoka erakustaldia eta esku pilota partidak ere izango dira frontoian, baina Golden Apple Quartet taldearen ikuskizuna izango da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. Donostiarrak ikuskizun berri batekin helduko dira Bermeora.

Larunbatean, berriz, Sukalki Eguna ospatuko dute bermeotarrek, eta irailaren 13an bertso saioa izango da Artza frontoian. Besteak beste, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi eta Aitor Beitia arituko dira kantuan.

Bigarren asteburua igarota, irailaren 15ean Coti abeslari argentinarrak eskainiko duen kontzertua izango da ziur asko jende gehien bilduko duen ekitaldia. Hilaren 16an, Santa Eufemia eguna ospatuko dute eta baserri giroko azoka antolatu dute. Goizean udalbatzak prozesioa egingo du eta gauez Xixiliren doluzko bidea izango da.

Txosnetako egitaraua

Txosna batzordeak ere kontzertu eta ekitaldi ugari antolatu ditu, jaietan parte hartzea bultzatzeko. Hilaren 8an adibidez, saltsa kubatarra, musika eta dantza ikastaroak egingo dituzte arratsaldean eta gauean reggae-bertso saioa, «Belaunak mugitzen eta bat-batekoak abesten» lelopean.

Arrantzale Egunerako errepresaliatuen aldeko herri bazkaria antolatu dute, eta asteburuan hainbat kontzertu izango dira. Irailaren 11n, Crisis, Los Brebes eta Los Frenos arituko dira taula gainean, eta larunbatean, berriz, Potato, Mamba Beat eta La Prohibida taldeek joko dute. Preso eta iheslarien aldeko batel estropadak ere antolatu dituzte hirugarren urtez ostiralerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo