GARA > Idatzia > Ekonomia

CCOOk aldundiei eskatu die zerga-egitura berrikus dezatela, krisiari aurre egiteko

GARA |

Unai Sordok, CCOO sindikatuko idazkari nagusiak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiei eskatu die elkarrekin zerga-egitura berrikus dezatela, krisiari aurre egiteko. Atzo egin zuen Sordok eskaera hori, Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, eta azaldu zuen zerga-sistemaren aldaketa horren bidez «gehien duenak gehiago ordaindu dezala» lortu behar dela. Ildo horretatik, «ezinbestekotzat» jo zuen zergen aldaketa, eta hauen progresibotasuna handitzea.

CCOOko buruak argitu zuen zuzeneko zergetan egin behar direla aldaketak, horiek eragiten dutelako errenta handienak dituztenengan; eta kontsumoaren gaineko zergetan, aldiz, ez dela esku hartu behar, horrek errenta txikienak dituztenengan eragin kaltegarria izango lukeelako.

Besteren artean, enpresek dituzten irabazien gaineko zergak «ukitu» behar direla uste du Sordok, baita kapitalaren gaineko zergak ere.

«Lanean hasi behar dute»

Hau esanda, arduradun sindikalak adierazi zuen aldundiek «lanean hasi behar dutela» berandu baino lehen, aurtengo zerga-bilketaren gainean Ogasunek eman dituzten datuak «oso larriak» baitira, beraren aburuz.

«Herri honen zerga-egituraren berrikuspen orokorra egin behar da, eta neurri bakoitzak zerga-bilketaren gainean izango lukeen eragina aztertu», azaldu zuen. Ekimen honek, adierazi zuenaren arabera, ez lieke eragin behar «gutxien irabazten dutenei», izan ere, horiek jasotzen duten ia diru guztia «kontsumora bideratzen baitute».

Honekin batera, CCOOko arduradun nagusiak iragarri zuen langabeziak gora egingo duela udazkenean, eta horri aurre egiteko ere neurriak hartu beharko direla aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo