GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Atlantikoan hiraila

Iraila. Hiraila afganistandar askorentzat. Hira, sumina, amorrua, dena batera, eta gehiago, sentituko zuten hangoek gorputzaren barreneko parteren batean lehengoan NATOko hegazkinek euren herrixkak bonbardatu zituztenean, ezkontzarik ez bazen ere. Bakearen izenean bonbardatu beti ere, jakina! Batzuen bakearen izenean bonbardatu ere, baietz! Hain dira desberdinak izena eta izana! Ondorioa? Ondorena, hango familia askok ez du ondorengorik izango horrezkero. Sarraskia. Egia esan sarri egiten dute horrelakorik munduko mapak hartzen dituen bazter askotan, han-hemenka, bakerik bake, burtsek behar eta merezi duten segurtasunagatik, garapen iraunkorraren izenean; hala ere, asko ez gara jardunbide horretara ohitzen, saiatu ere ez, batek daki zergatik! demokraziatik ihes egin nahi dugulako, beharbada. Tira! dozenaka hildako; errua, seguruenik, eurena, zibilak izanagatik. Hegazkinetan zihoazen militarren artean, opioak itsututa seguru asko, ez dirudi hildakorik suertatu zenik, zorabioren bat baino ez, bonbardatuek lurretik behin eta berriz harrika oldartu omen zitzaien arren. Hau kolpea! militarrak bizirik, goian beude! zibilak zerraldo erori, behean beude! Eskela ere ez bide dute izango, behekoez nago orain. Hobeto, militarrek iragarki modura ipiniko zuten letra larriko bake-mezu handitzarraren ondoan izan baino hobe da eskelarik ez izatea, itzela delako mezuon itzala. Eta noiz edo noiz militarren bat hiltzen dutenean heroi modura bueltatzen dute aberri handira, nazio-oihalaren azpiko zinkezko hilkutxan, bandaren musika eta guztiz, armaz hartua izan den herrialdeko herrixketan zabaldutako Herioa musikak berak ezkutatzen duela. Bitartean, herrixkotan hildakoentzako musika gutxi, bandarik ez, zinka zertarako den jakitera iritsi gabe doaz zulora, multzoka. Baina Afganistanen ez zen horrelakorik gertatuko, ez eta urrun eman ere, Atlantikoaren ipar kostako herrialdea izango ez bazen; Indiako Ozeanoaren inguruan izanda, esate baterako. Edo Ozeano Barean! Hemen bai egoera lasaia! Olatuak ere ez omen dira han, kostalde batzuetan surfa egiteko beren-beregi sortuak ez badira, behinik behin. Izan ere, Barea da NATOk Atlantikotzat hartzen ez duen ozeano bakarra. Eskerrak behintzat lurrikarak diren! Lastima Kantauri itsasoa Ipar-Atlantikoan izatea! Hauxe da burujabe izan eta aldatu beharreko lehena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo