Alerta laranja!
Markel IRIZAR
Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Kaixo irakurle. Hau irakurtzen ari zaren bitartean, lasai gosaltzen, pintxo edo hamaiketakoa hartzen edo besterik gabe lasai-lasai asteko estresa eta erlojuaren dependentziatik urrun egunkari hau irakurtzen egongo zarelakoan nago. Hala bada, on egin eta bejondeizula.
Segur aski, zutabe hau irakurtzen lasai-lasai zauden bitartean, zirku hau osatzen dugun pailazoak, portuak gora eta behera, adurra dariola ibiliko gara. Atzo erlojupekoa izan eta gero, hanketako mina nabaria izango da.
Baina ziurrenik zeure buruari galdetuko diozu zer zerikusi duen horrek alerta laranjarekin. Ba, ostiraleko etapan, batez besteko 39 gradu izan genuen, bero honekin Ana Urrutiak alerta laranja iragarria luke harrezkero! Eta sinesgaitza bada ere, alerta laranjatik euritara pasatu gara egun batean, non eta Valentzian. Azken bi hilabetean euririk batere egin ez duen lekuan. Hor ibili gara 1 Formula eta Amerika Kopako zirkuituetan bizikleta zuzen eraman ezinik. Horrexegatik, txirrindulari beterano batek bota zuen, hemendik aurrera, euria erakartzeko, hobea izango litzatekeela prozesioak egin baino txirrindulari lasterketak antolatzea. Izan ere, goazen lekura goazela, euria erakartzen baitugu.
Norbait ezkontzeko dataren bila baldin badabil, ez ezazue lehenik ez jatetxe, ez elizarik hartu. Hobeto txirrindulari egutegiari begiratu eta gertu lasterketaren bat ba ote den ikusi, lasterketarik gertu egonez gero, alperrik izango baita, Oñatin ohitura den bezala, mojei arrautzak eramatea. Gu tartean baldin bagaude, bezperako 40 graduak laster bustiko ditugu-eta! Beraz horregatik egon zaitez alerta, laranjatxoak nondik gabiltzan!
Besterik gabe, agurtzen zaituztet, egunotako gai sentiberak alde batera utzita (izan ere, mezu asko jaso ditugu oso mimoso jartzen ari garela esanez). Asteburu ona izan dezazuela opa dizuet eta adi bihar Txurruskoren zutabeari. Mendia iristen denean bizikletan zein pupitrean hazi egiten baita!
Etzi arte, agur t'erdi.