Donostiako Estropaden lehen jardunaldia
Kontxako lehen zirriborroan berdea eta gorria nagusi
Apustu etxeek Kaiku eta Castro hartzen dituzte faboritotzat, baina kontuz ibili beharko da ezustekoekin.
Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ
Bizitza mekanizatu eta kontrolatu batean bizi arren, oraindik bada gure artean erloju eta egutegien beharra ez daukanik. Pertsona hauek bestelako zantzu eta arrastoak erabiltzen dituzte norberaren kokapen espazial eta tenporala zehazteko. Eta norbait konturatu ez bada edo, erlojuari begiratu gabe ere uda garaia pixkanaka bukatzen ari dela gero eta argiago dago. Hiriak jendez betetzen hasiak dira, egunak mozten ari direla ere nabaria da, eta nola ez, Kontxako Bandera ere hastear da.
Orain arte ikusitakoa aintzat hartuz, eta apustuen norabideari jarraituz, bi dira guztien artetik izenik nabarienak: Castro eta Kaiku. «La Marinera» ontziaren errendimendua zoragarria izan da urte osoan zehar eta San Miguel Liga matematikoki poltsikoan dutela heldu dira Kontxako Banderara.
Kupoak direla eta ez direla, Ligan bere mailarik onena eman ez duena Sestaoko ontzia izan da. Kaikuk zazpigarren postuan bukatu du San Miguel Liga, baina bestelako estropadetan erakutsi duen maila neurriz kanpokoa izan da. Dena Bizkaiko txapelketan hasi zen; han, Kortaren mutilek 13 segundoko aldea atera zioten Urdaibai bigarren sailkatuari. Ondoren Euskadiko txapelketa heldu zen, eta lehengo lepotik burua. Hondarribiko uretan sekulako erakustaldia emanez, etxeko traineruaren, Urdaibairen eta Orioren aurretik sailkatu ziren. Eta kontua ez zen hor bukatu, hurrengo horzkada Espainiako txapelketan eman zuten-eta. Vilaxoaneko itsasoa Kaikuren benetako boterearen lekuko bilakatu zen, eta sestaoarrak Astillero, Castro, Pedreña eta beste euskal traineruen aurretik heldu ziren.
Botere horren azken adierazlea Kontxako sailkapenean bertan ikusi ahal izan zen. Kortaren mutilek itsaso zakarrarekin ere ongi moldatzen direla erakutsi zuten, eta nagusitasun handiz eskuratu zuten bertan ere lehenengo postua.
Besteekin ere adi
Testuinguru horretan, ezin esan ezustekoentzako tarterik egongo ez denik. Hala, Orio eta San Pedro dira bi faboritoen atzetik orekarik handiena erakutsi duten bi traineruak. Ontzi horia klasiko handi bat da Donostiako estropadan, eta 2007an egin bezala, garaipena lortzea izango dute buruan.
Ondoren beste hirurak etorriko lirateke; Urdaibai, Pedreña eta Hondarribia. «Bou Bizkaia»k ostegunean egin zuen urteko estropadarik onena, eta bigarren postuan sailkatzea lortu zuten. Pedreñak gora egin du azken garaietan, eta kontuan hartzeko moduko trainerua izango da aurten ere. Azkenik, Hondarribia ere gogotsu helduko da estropadara. «Ama Guadalupekoa» eta San Pedroko «Libia» izan dira San Miguel Ligan Castrori aurpegia gehien erakutsi dioten ontziak, eta gauzak ongi egitera joango dira Amunarrizenak.
Apustuak ere gertutik jarraitu behar dira halako kirol-gertakari bat hurbiltzen denean. Kiroljokoa apustu-etxeko Maribel San Josek dioenez, «gurean Kaiku faborito garbitzat eman dugu, bai gaurko estropada irabazteko, bai Banderan garaitzeko. Gaur Kaikuren alde euro bat apustu eginez gero, bi euroko saria izango du apustulariak gure hasierako datuen arabera, eta Castroren alde eginez gero, hiru eurokoa izango da saria».
Eguraldia izan ohi da traineruen kezkarik handiena estropadaren aurreko orduetan. Eta momentuz, badirudi sailkapen saioko itsaso txarrik ez dela izango. Iragarpenen arabera haizeak ahul joko du ekialdetik, eta olatuak metro batekoak izango dira. Teoriak teoria, eta aitzakiak aitzakia, dena jokatuko da gaur 12.00etatik aurrera.
Trintxerpeko traineruak esku-eskura dauka KAE-1 mailara igotzeko aukera, atzo goizean Lekeitioko uretan jokaturiko kanporaketan Ondarroa, Getxo eta Portugaleteren aurretik helmugaratu ondoren.
Erlojuaren aurkako saioa izan zen, eta gipuzkoarrak hasieratik jarri ziren aurretik. Ondarroa, KAE-1 mailako azken-aurreko sailkatua, eta Getxo, KAE-2 mailako hirugarrena, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren izan ziren, eta beraien artean lehiatu beharko dute KAE-1 mailan sartzeko geratzen den bigarren postua lortzeko. Portugalete laugarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 43 segundora, eta borroka horretan aurrera egiteko aukera gehienak galdu egin zituen.
Ondarroa eta Getxo sei segundoren barruan sartu ziren, eta bien arteko dema gaur argituko da Portugaleteko uretan, 18.30etik aurrera, kanporaketen bigarren jardunaldian.
K.A
Jose Luis Kortak aurtengoa irabaziz gero, hamabost Kontxako Bandera eskuratuak izango ditu, arraunlari, patroi eta entrenatzaile gisa arituz jaso dituenak batuz. Oriorekin sei aldiz irabazi zuen (1970, 1971, 1972, 1992, 1996, 1997), Kaikurekin lau (1978, 1980, 1981, 1982), Lasarterekin beste bat (1973), eta Castrorekin hiru (2001, 2002, 2006).