Isabel Artieda Urrestarazu eta Jokin Zubieta Valencia LABeko ordezkariak Nafarroako Gobernuko Administrazioan
Enplegu publikoaren eskaintza: tokomotxo forala
Liberalizazio garai hauetan, UPNk bultzatzen duen administrazio eredua zein den garbi dago: etekinak eman ditzaketen zerbitzu publikoak enpresa eta erakunde pribatuetara bideratzea eta Administrazioak zuzenean ematen dituen zerbitzuak murriztea
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa da autonomia erkidegoen artean aldi baterako langile gehien duena eta, horrez gainera, enpresa pribatuko aldi baterako langileen portzentajea gainditzen duen erkidego bakarra: 2008. urtean Nafarroako Foru Administrazioan lan prekarietatea %36,5ekoa izan zen, eta enpresa pribatuan %25,5ekoa.
Horren ondorio negatiboak begi bistakoak dira: etengabeko errotazioak, langile kontratatuen motibaziorik eza, lanbidean esperientzia jasotzeko zailtasunak... baina badirudi Gobernuari ez zaiola hori inporta, egoera horretatik «abantailak» lortzen dituelako: soldata baxuagoak ordaindu beharra (antzinatasunik eta gradurik gabe...), langile kontratatuak otzanagoak dira, pribatizazioak egiteko aukera, etab.
Martxoan J. Caballero Lehendakaritzako kontseilariak lau haizeetara iragarri zuen 1.189 lanpostu betetzeko Lan Publikoaren Eskaintza 2009. eta 2010. urteetarako. Gainera, adierazi zuen lanpostu horiek eta aurreko lan eskaintzetan bete ez ziren 1.827 lanpostuak bete ondoren, funtzionarioen portzentajea %64tik %79ra pasako zela.
Caballerok ezkutatu zuen urtero hainbat lanpostu galtzen direla erretiroengatik (2008. urtean 354 lanpostu), heriotzengatik eta ukoengatik (batez beste 500 lanpostu inguru urtero). Hortaz, 2009. eta 2010. urteetan egoera horien ondorioz gertatuko diren bajak kontuan hartzen baditugu (1.000 inguru), iragarritako 1.189 lanpostu berri horiek, azkenean, 189 besterik ez dira izanen. Are gehiago, datuak emateko orduan, kontseilaria gezurretan aritu zen, aurreko urteetako eskaintzetan bete gabe gelditu ziren lanpostuak sartu zituelako, izan ere, lanpostu horiek lanpostu berri gisa kontabilizatu baitziren bere garaian eta, jakina, ez da bidezkoa lanpostu berberak bi aldiz kontatzea datu estatistiko horiek emateko orduan. Onartutako lan publikoaren eskaintza hura ez da osorik gauzatu, eta hori Gobernuak agindutakoa ez betetzea da, argi eta garbi.
Esaera zahar batek zera dio: «Mihi luzea, eskua labur». Kasu honetan egia borobila: arlo juridiko eta ekonomikoko Administrazio Publikoko teknikarien, Ogasuneko teknikari eta kudeatzaileen eta Informatikako ofizialen lanpostuak betetzeko azkeneko deialdietan, guztira iragarritako 140 lanpostuetatik 52 baino ez dira bete, hots %37.
Emaitza horiek justifikatzeko, Administrazioak esan ohi du oposiziogileek ez dutela behar besteko maila izaten, baina arrazoi hori nekez onar daiteke, epaimahaikideen «super egoa» puzteko ez bada. Izan ere, aurkezten diren oposiziogile askok urteak daramatzate oposizioa prestatzen, eta beste asko urtetan egon dira bete behar diren lanpostu horietan lanean, kontratatu gisa. Bestalde, indarrean dagoen araudiaren arabera, oposizioan betetzen ez diren lanpostuetan kontratatu gisa aritzeko zerrendak oposizioa gainditzen ez duten «maila eskaseko» izangai horiexekin osatzen dira. Hori da hori zentzugabekeria! Bitartean -hau ere esan beharra dago-, akademia partikularrak (horietako batzuk Administrazioko goi mailako funtzionarioenak) sekulako dirutza irabazten ari dira oposizioa gaindituko ez duten ehunka izangai prestatzen.
Horrela, lanpostu hutsak eta aldi baterako kontratuak gero eta gehiago dira. Laburbilduz, Nafarroako Gobernuko Administrazioaren plantillan gero eta aldi baterako langile gehiago daude eta gero eta langile finko gutxiago.
Bestalde, Enplegu Publikoaren Eskaintzaren bilakaera orokorrari erreparatzeaz gainera, kontuan hartu behar da zein eremutan sortzen diren lanpostuak eta zeinetan desagertzen diren. Esate baterako, foruzainentzat sortu berri diren 111 lanpostuak kontatuta, Foruzaingoaren plantilla %150 handitu da azkeneko hamaika urteotan (1998. urtean 447 foruzain ziren, eta 2010. urtean 1.100). Ildo berean, unitate horren aurrekontua 1,4 milioi eurotik 53 milioi eurora igo da. Beraz, inolako mugarik ez gero eta militarizatuagoa eta errepresiboagoa den Foruzaingo hau bultzatzeko, herritarrengandik eta gizartearengandik gero eta gehiago aldentzen bada ere.
Beste eremu batzuetan, berriz, kontrakoa gertatzen da: Gobernuak zerbitzuak pribatizatzearen alde egin du, eta plantillak murriztu edo izoztu ditu. Mota guztietako gizarte laguntzako zentroetan (hirugarren adinekoentzat, adingabekoentzat, ezgaitasunen bat dutenentzat...) eskaera gero eta handiagoa izan arren, zerbitzu horiek enpresa pribatuetara bideratu dira. Gobernuaren zerbitzu informatikoak, esate baterako, El Corte Ingles-en esku utzi dira. Hortaz, poliziarentzat, behar den guztia eta gehiago, eta gizarte zerbitzuentzat, dirua tantaka.
Liberalizazio garai hauetan, UPNk bultzatzen duen administrazio eredua zein den garbi dago: etekinak eman ditzaketen zerbitzu publikoak (gizarte laguntza, osasuna, hezkuntza...) enpresa eta erakunde pribatuetara bideratzea eta Administrazioak zuzenean ematen dituen zerbitzuak murriztea. Hartu beharreko bidea, ordea, guztiz kontrakoa izan beharko litzateke, are gehiago krisi garaietan.
(*) Expe Iriarte de Vicente eta Txomin González Martínez LABeko ordezkariek ere sinatzen dute idatzia