GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskolak okupatuta, gaurko bilkuran irakaslea lortuko duten itxaropenez

Paueko Ikuskaritza Akademikoan gaur bilduko den departamenduko Batzorde Tekniko Parekidearen karietara, Ipar Euskal Herriko zenbait eskoletan protesta ekimenak izan dira. Gurasoek Larresoro, Itsasu, Barkoxe edo Gamere-Zihigako eskolak okupatu dituzte.

Idoia ERASO

Aurtengo ikasturte hasiera iazkoa baino lasaiagoa izaten ari bada ere, irakasle lanpostuen falta dela-eta zenbait eskola okupatuak izan dira Ipar Euskal Herrian. Gaur, Paueko bilkuran erabakiko da irakaskuntzako lanpostuen banaketa. Beharrezkoak dituzten lanpostuak lortzeko, hainbat ekimen aurrera eramaten ari dira eskoletan.

Kasurik larriena Zuberoako Gamere-Zihiga herrian dute, bertako eskolako irakasle lanpostu bakarra kendu zietenetik eskola itxi egin behar izan baitute. Battitta Aguerre auzapezak herrian horrek sortu duen arazoa azaldu zuen. «Herriko Etxeak bi familia hartzeko etxe bat egokitu du, eta horrek haur gehiago ekarriko lituzke, baina eskolarik ez baldin badugu, beharbada, ez dira hona etorriko». Zazpi ikasle matrikulatu izango lituzke bertako eskolak.

Lanpostuak faltan

Lanpostuen eskasiak egoera zailak sortzen ditu eskoletan. Hori da, esaterako, Larresoroko kasua. Atzo hogeita hamar bat gurasok okupatu zuten eskola, frantsesezko irakasle berri baten beharra salatzeko. Bi irakasle dira gaur egun hirurogei ikaslerentzat. Irakasle batek bost maila ezberdineko haurrak ditu ikasgelan eta besteak laukoak. Itsasun eta Barkoxen ere beharrezkoak direnak baino baliabide gutxiago dituztela salatu dute eskolen okupazioarekin.

Urteetako ohiturari bukaera emanez, Seaska Ikastolen Federazioa lanpostuen kopuruarekin kontent agertu da. Hur Gorostiaga zuzendariak horrela azaldu zuen: «Ohi bezala bi urte baino gutxiago dauzkaten haurrak kontatzearen alde borrokatzen ari gara, baina, bestalde, joan den urtean lotu genuen hitzarmenari esker, bost lanpostu gehiago lortu ditugu».

LANPOSTUAK

Ikasturte hasierako ikasle kopuruak eskuetan, irakasle lanpostuen banaketa aztertuko dute gaur Paueko Ikuskaritza Akademikoan. Lehen astean eskola bakoitzak izan dituen irakasle postuak gutxitu edo gehitu ahal izango dira, bertan erabakitakoaren arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo