GARA > Idatzia > Ekonomia

DNAren laginak emateari uko egin zion laboraria sostengatuko du Oldartu-k

Hilaren 29an epaituko dute Baionan Jean-Michel Ayçager, bere DNA aztertzeko laginak emateari uko egiteagatik. Oldartu-Lutter ensemble plataformak babesa eman dio laborariari eta gogor salatu du «desbideratutzat jotzen diren pertsona guztien fitxaketa sistematikoa».

p027_f01_148x108.jpg

GARA

«Larrialdi egoerari eta gobernuaren, patronalaren eta multinazionalen erasoei erantzun kolektiboa, bateratuta eta indartsua emateko» xedearekin sortu zen joan den maiatzean Oldartu-Lutter ensemble plataforma. Haren egitekoen artean, «eskubide sozialen urraketa eragiten duten erreforma eta legeak borrokatzea» dago.

Jean-Michel Ayçagerri egun gertatzen zaiona zeregin horietan sartzen dela-eta -«askatasun sindikalaren defentsa», hain zuzen-, beren elkartasuna adierazi zioten atzo Baionan, hilaren bukaeran epaitua izango den laborariari.

2008ko urtarrilean Kako baserriaren aferan Donapaleun manifestarien eta jendarmeen artean izandako istiluen harira dator epaiketa. Aste batzuk geroago atxilotutako nekazarien artean zegoen Ayçager, eta Poliziari bere DNA aztertzeko laginak emateari uko egin zion. Abenduan, ostera sei orduz atxilotu zuten jendarmeek laginen eskaera berritzeko.

«Ez nire borondatez»

Orduan ere errefusatu egin zuen, eta atzo berretsi zuenez, bere borondatez ez du inoiz ez txisturik, ez beste inolako laginik aztertzeko emanen. «Errefusatu ahal izan ez dutenen izenean, gaurko eta biharko gizartearen izenean eta nire nortasun intimoaren defentsaren izenean hartu nuen delibero hori» azaldu zuen laborariak, «elderra ematearen truke, 40 urterendako fitxategi batean agertzeko prest» ez dela gaineratuta.

Oldarturen iritziz, Ortzaizeko laborariari gertatzen zaiona «edozeini gerta dakioke, arauetatik desbideratzen den pertsona ororen fitxaketa masiboa egitea baita helburua». Paperik gabekoen defendatzaile, errebindikazio «gehiegi» bultzatzen duen ikasle edota sindikalista militantea izategatik horrela fitxatuz, herritarrak «beldurraren uztarpean» edukitzea da, Oldarturen esanetan, Estatuaren asmoa.

Horiek horrela, «ezer ez egitea, egiten uztea» dela nabarmenduta, «oinarrizko askatasunen alde mobilizatzera» eta antolatutako ekimenetan parte hartzera deitu du plataformak.

Ekimenak

Baionako IUT fakultatean irailaren 23an fitxatze genetikoari buruzko hitzaldia izango da, Maulen eta Donibane Garazin bideoz ikusi ahal izango dena. Ortzaizen, ostegunean, eta EHLGko egoitzan, irailaren 25ean, informazio bilkurak egingo dituzte.

2.000 sinadura

Jean-Michel Ayçaguerri elkartasuna adierazteaz gain, «norbanako askatasunak zaintzeko» 2.000 sinaduratik gora bildu dituzte dagoeneko «lapetition.be/en-ligne/petition-4777.html» helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo