Hitzetik hortzera
Markel IRIZAR | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Kaixo irakurle! Mendiko etapa gogorrak pasa eta gero, etapa lasaixeago batzuk datoz, eta ea indarrak berreskuratzen ditugun. Herenegun esan bezala, mendira iristean, gure Txurru hazi egin da, eta izugarrizko maila eman du. Lasterketari dagokionez, ezer gutxi gehiago gaineratzeko; Samuk denbora apur bat galdu digula, baina oraindik lehian egon gaitezkeela.
Baina, honezkero, Holandan hasi ginenetik izan ditugun irakurle fidel horietakoa bazara, konturatuko zinen, lasterketari buruzko ezer gutxi idazten dugula. Gezurra dirudi, baina zulotxo batetik ikusi ahal izango bagintuzkezue, harritu egingo zinatekete, zer-nolako fedearekin egiten ditugun gure zutabetxoak. Etapa bukatu, eta papera eta boligrafoa, edo ordenagailua hartu, eta jo eta su, idatzi, berriz ezabatu, hau ez zait gustatzen eta abar, eta abar...
Etapan ezer ezohikoa ez bazaigu gertatzen, gai bat aukeratu behar izaten dugu, eta hor izaten dugu arazorik gehien. Behin, gaia jarrita, erraz antzean egiten du aurrera zutabeak.
Txurru txikiak, listoia altu jartzen du, eta hor jasotzen ditu laudorio eta zorionak. Niri berriz, denetik... Amama pozik txoratzen, bere kontutxoak aipatu ditudalako; amak, berriz, ea zergatik jarri nuen «kabroi» hitza (hori esatea gaizki dagoela, azkenekoz 15 urte nituela esan zidan) eta lagunek, flojillo sentimental bat ematen dudala, nire kontu tristeekin.
Batzuk facebook eta twitterra erabiltzen badute, Txurru eta biok, gure zutabetxoa baliatuko dugu, gure gorabeherak zuengana iristeko. Aitortu beharra daukat, ostegunean argitaratuko den zutabea, aspalditik daukadala idatzita. Lehen aipatu bezala, gai batzuk inprobisatu egiten ditugu, baina osteguneko hori etxetik ekarritakoa dut, gai-jartzaileak emana izango balitz bezala. Jakin ezazue, Vuelta honetan idatziko dudan zutabe kuttunena eta gustukoena dela. Beraz, ongi baderitzozu, ostegunerako egingo dugu hitzordua.
Besterik gabe, 18 urte baino gehiago inork botatzen ez dion lagun honek eta biok, hurrengo urtean kameratxo bat instalatu eta koplatan gure gorabeherak kontatzeko asmoa ere badarabilgu buruan. Lastima purua, alkandora koadroduna eta bizarra jarri arren, gure Txurruk ez duela nahita ere Lizason itxura zipitzik hartzen, ze zin degizuet, bertsotan ere, bizikletan eta zutabetxoa egiten bezala, gure mutil txikia, hazi eta oso handia bihurtzen da!
Ostegunera arte, ondo segi eta onak izan!