Aizkora Euskal Herriko Bigarren Mailako finala
Azkenean iritsi da Jon Rekondoren garaipen handia
Atutxa II.ak amaitu zuen bigarren postuan, eta bera ere maila nagusira igo da.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Jon Rekondok jantzi zuen Bigarren Mailako Euskal Herriko txapela, eta heldu den urtean Lehen Mailan arituko da. Txapeldunaz gain, bigarrenak ere igoera lortu behar zuen, eta leitzarrarekin batera, Atutxa II.ak lortu du maila nagusian aritzeko txartela.
Jende asko batu zen Zestoan final hau zuzenean ikusteko asmoarekin. Kanporaketan sei aizkolarik lortu zuten finalerako txartela, eta seiak izan ziren Zestoan. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.
Jon Rekondok azkenean lortu du onenekin aritzeko txartela, eta txapela jantzita, gainera. Leitzarrarengan itxaropen handiak izan dituzte zaleek, baina azkenaldian geldo xamar ote zebilen susmoa zegoen, baina berak ezetz erakutsi zuen Zestoako finalean.
Oraindik aizkolari gaztea da, eta gorantza egiteko tarterik ere baduela ikusi zen. Ia lehen enborretik, aurrena jarri zen, eta erabateko nagusitasuna erakutsi zuen, bigarren sailkatu zen Atutxari ia minutu eta erdiko aldea kendu baitzion.
Atutxa zen zaleen ustez faborito nagusia, eta bizkaitarrak txapela jantzi ez bazuen ere, bigarren postua eskuratu zuen, eta horrek onenekin lehiatzeko txartela ematen dio. Hala ere, gauzak oso estu izan ziren bigarren postu horretarako, bi segundo besterik ez baitzizkion kendu Ugartebururi. Ezkioko aizkolari beteranoak lan ona egin zuen, eta ia-ia maila nagusira itzultzear egon zen. Hauen atzetik sailkatu ziren Mugertza, eta atzerago Telletxea eta Kañamares.
Amaieran, Jon Rekondo oso gustura zegoen: «Oso gustura nago, txapela jantzi dut, eta honek poz handia ematen du. Ni etxean egiten dudan lana egitera etorri naiz, ez dut beste helbururik jarri, eta honek irabazteko balio izan dit», esan zuen.
Hurrengo urtean maila nagusian aritzeak ere ilusio handia ematen dio: «Horiek beste kontu batzuk izango dira, baina Lehen Mailan aritzeak ilusio handia egiten du», onartu zuen.
Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketan, bigarren kanporaketa jokatu zen Orozkoko zezen-plazan, 200 ikusle pasaren aurrean, eta Mugertza II.ak aise irabazi zuen. Berarekin batera, Kastrok lortu zuen finalerako txartela. Bi hauetaz gain, Larretxea eta Olano ere sailkatuta daude. Kanporaketa bakarra geratzen da jokatzeko, eta handik aterako dira falta diren bi aizkolariak. Kanporaketetan, bakoitzak lau enbor kana-erdiko moztu behar izaten ditu.
Saralegi gazteak irabazi zuen Euskal Herriko gazte mailako finala Leitzan. Hasiera batean hiru ziren aritzekoak, baina Gallastegi ez zen agertu, eta beraz, Irazabalek eta biek jokatu behar izan zuten finala. Aizkolari bakoitzak lau enbor 45 ontzakoak eta bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen.
Lehia oso estua izan zen bi aizkolarien artean, biak pare-parean aritu ziren saio osoan zehar, eta amaieran lau segundoko tartea bakarrik egon zen. Saralegik 16 minutu eta 53 segundoan burutu zituen lan guztiak, eta Irazabalek, berriz, 16 minutu eta 57 segundo behar izan zituen bereak amaitzeko.