HARRI-JASOTZEA
Aimar Irigoienek marka berri bat ezarri du
J.L. | DONOSTIA
Aimar Irigoienek marka berria ezarri zuen herenegun Bedaion, 137,5 kiloko harri kubikoa 21 aldiz hiru minututan altxatuta. Orain arteko marka Izeta II.ak zeukan, 20 jasoalditan, eta Aimarrek bat gehiago eman zion, 21 jasoaldi, alegia.
Sekulako jendetza batu zen Bedaion saio hau ikusteko. Antolatzaileen arabera, 2.500 inguru, inoiz izan den jendetzarik handiena, eta gainera denek ikusi nahi zutena ikusi ahal izan zuten, Irigoienen marka baitzen ikusi nahi zutena, eta errezildarrak berriro ere ez zuen hutsik egin.
Hala ere, Irigoien ez zen gustura aritu, nahiko justu ibili baitzen. Urte sasoi hau ez da ona errekorrak egiteko. Kirolariek erakustaldi asko egin behar izaten dituzte, eta urte garai honetara nahikoa nekatuta heltzen dira, eta hori ikusi zen Aimarrekin ere, beste batzuetan izaten duen freskotasun hori ez baitzuen izan Bedaion egin zuen ahaleginean.
Hala ere, helburua ongi bete zuen. Minutu bakoitzean zazpina jasoaldi egin zituen, eta 21ekin, marka hobetuta amaitu zuen saioa. Saiatu zen beste bat ematen, baina harria gerrira ekarri eta buelta eman zionean, agortu ziren hiru minutuak, eta 21 jasoalditan geratu zen, hasi aurretik zuen helburua beteta.
Lehendik zegoen marka handia zen, eta bat gehiago jasotzea ere handia da. Lehen ere urte mordo bat egin du hobetu gabe, eta seguruenik ere beste batzuk pasako dira hori ontzeko, Irigoienek berak berriro gainditzea ez badu erabakitzen.
Herenegun Leitzan, gazte mailako Euskal Herriko aizkolarien finalaz gain, beste bi txapel ere erabaki ziren. Lokotxetan, Euskal Herriko finala jokatu zen, eta Etxegarai izan zen onena. Nafarrak, 6 minutu eta 19 segundo behar izan zituen. Bigarren sailkatu zen Garmendia, eta Baliarraingoaren denbora 6 minutu eta 30 segundokoa izan zen. Hirugarren, berriz, Alvarez de Eulate sailkatu zen, eta 6.38 izan zen arabarraren denbora. Guztira sei partaide izan ziren.
Txingan, berriz, Nafarroako finala izan zen, eta Sukuntzak lortu zuen garaipena. Berak 19 plaza, 1/2 bat eta 4,60 metro egin zituen.
Bestetik, Urruñaren eta Jutsiren arteko desafioko joaneko saioa izan zen ostiral gauean Zokoan, eta Urruñak irabazi zuen 5 eta 2. Zazpi proba zituzten, eta horietatik bostetan gailendu zen Urruña, eta Jutsiko taldea, berriz, bitan izan zen garaile.