GARA > Idatzia > Kultura

Proposamen «interesgarri eta eklektikoa» dakar aurten Maitaldiak

p042_f02_088x076.jpg

GARA | DONOSTIA

Datorren ostiraletik aurrera, Biarritzek Maitaldia dantza jaialdiaren hemeretzigarren edizioa ospatuko du. Aurtengoan, Europako zazpi herrialdetako hogei talderen bisita jasoko du, proposamen «interesgarri eta eklektiko» bat osatuz. Halaxe defendatu zuen atzo Jakes Abeberry Biarritz Kulturako presidenteak, Yvonne Pochelu eta Thierry Malandainekin batera.

Wiesbadengo Balleta (Alemania), Dansk Danse Teater (Danimarka), Gotra Ballet (Herbehereak), Suediako Operako Balleta, Pneuma Danse Theatre (Italia) eta Angel Corella Balleta izango dira parte-hartzaileetako batzuk. Hemeretzigarren jaialdi hau Le guetteur Luck & Cie konpainiak irekiko du ostiralean eta irailaren 20an amaituko da Nederlands Dans Theater-en emanaldiarekin, Ertza eta Kukai Tanttaka konpainiek ere parte hartuko dutelarik bertan.

Hip-hopa, flamenkoa, dantza klasikoa eta garaikidea izango dira jaialdian nahastuko diren estiloetako batzuk, nahiz eta dantza neoklasikoak toki berezia izango duen, Malandainen hitzetan.

Gare du Midi, Koliseoa eta Kasinoa izango dira, kaleko parke eta plazekin batera, ikuskizunen topaleku. Pocheluk adierazi zuenez, leku horietan estilo desberdinetako konpainien lanak ikusi ahal izango dira; talde ezagunenak eta inoiz jaialdi batean aritu ez direnak bildu nahi izan dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo