GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lakuaren proposamenak atzera ez botatzeko modua

Lakuako Gobernuko lehendakari Patxi Lopezek eta Lurralde Politikako ministro Manuel Chavezek enplegu politika aktiboen eskuduntzaren transferentziaren gaineko «oinarrizko akordioa» adostu omen zuten atzo, nahiz eta oraingoz transferentziaren gaineko zehaztapenik ez dagoen. Baina bilerako gaiaren gainean aipatzeko moduko berririk izan ez bazen ere, Lakuako eta Madrilgo gobernuen arteko komunikazio prozedura berri bat adostu zuten, konstituzio-kontrakotasuneko helegiteak eta bestelako auzi judizialak saihesteko. Hartara, lege proiektuen eta araudien gainean aldez aurreko informazio trukaketa egingo dute, bi administrazioek beren kontsiderazioak eta proposamenak azal ditzaten. Beraz, aurrerantzean Lakuako Gobernuak aurkeztu nahi dituen lege proiektuek aurretiaz Madrilen oniritzia jasoa izan beharko dute. Esan liteke, akordioaren arabera, kontrako norabidean ere, Madrildik Lakuara alegia, erabiliko dutela bide hori; hala ere, ez dirudi sinesgarria Lakuak Madrilen inongo asmorik atzera botatzea bere autonomiaren lege edo arauren batekin talka egiten duelako. Diskurtso polita da, eta normala bi gobernuak alderdi berekoak izanda, elkarlanaren alde, eta ez gatazkaren alde, apustu egiten dutela esatea; baina, esan bezala, sinesgarriagoa -eta errealagoa- da menpeko gobernuak nagusiari baimena eskatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo