Julen MURGOITIO
Lekiotoko protokoloa
Klima gizaki erratuen erruz aldatzen ari dela mundu zabalean onartutako iritzia da, han-hemenka, Euskal Herrian bertan ere, sinesgogorrak izan arren. Hala ere gure inguruan sinesgaitz iraun duen asko udara osteko honetarako sinestun bihurtuta egongo delakoan nago, eta ez udako ikastaroengatik, prezisamente. Ez eta urrun eman ere!. Eusko Jaurlaritza SL (Sociedad Limitada; jendarte mugatua helburu) zer sozialista horren Barne Atalak Arkauteko zentro teknologikotik bero-kolpe batek jota abiatutako Ikerketa + Garapena + Berrikuntza prozedurak emandako lehendabiziko emaitzen ondorio zuzena izan da sinesgaitza sinestun egitea.
Oposizioak berak ere ezagutu du exekutiboaren lana eta horra! Lekeition jelkideek beroketa globala izan badela aitortu beharra izan dute. Ikusteko dago jelkideok behingoz serio oratuko ote dioten klima aldaketaren erronkari. Oratzekotan kapaz dira horiek mundu mailako protokolo berri bat proposatzeko: Lekiotoko protokoloa. Jakina! bulego nagusia Bilbon! museotik gertu, itsasadarra onera ekartzeko ezinbesteko. Tira harira! Beroketa globala gurean da!. Baina, hauxe kolpea! noiz eta gaueko ordu txikerretan gehiago berotu eguerdiko eguzki errepean baino. Zakarrontziek sua hartzeko beste beroa. Beroa eguzkiak ez dakarren seinalea. Beroa haize erauntsiek dakarten zantzua, batez ere ateak ixten direnean. Hau kolpea ere! atea ixtean sortzen dira haize erauntsiak eta atea zabaltzean baretu!. Enteratuko ote ziren emaitza honetaz hango zentro teknologikoan?. Ez!. Jo eta ke jarraitzen dute hangoek, ordena horretan, atea zabaldu nahi dutenak kale-orbitatik atera eta eklipsatu nahian. Jo dezatela hemerotekako entziklopediara, eklipseek denbora muga dutela ikasgai. Kolperik kolpe beste kolpe bat!
Beroketa globaleko garai honetan Hondarribian Internetik ez! eta hango asko aterki beltza eskuan kaleratu zen alardera. Hipokrisia krisian ez den seinalea. Esanguratsua kolore horrena! Jaietako beroketa globala eragiten dutenen kolore bera. Tunelena bera. Aterkia: zer ateri dadin? zer ez dadin ateri?. Hain da politikoki aldrebesa aterkia!. Ez nau harritzen batzuetan guardasola eta beste batzuetan euritakoa esateak. Nire aldetik ondo ikusten dut erabilpen bikoitz hori, beti ere eguzkia eta euria naturalak direnean. Esku beltzez eraginak direnean, berriz, nork bere aterkia!. Ate zabaleko orbita helburu.