GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ARGIA I Xabier Letona

Abertzaletasuna baztertzeko ituna Nafarroan

UPN-k ere legez kanpoko ezker abertzalearen jazarpena areagotuko du datozen asteetan eta horretarako enegarren ituna proposatuko die PP, CDN eta PSNri. NaBai eta Ezker Batua kanpo utziko ditu -hauen zorionerako-, horrekin zer itun mota den ere argi adieraziz. Batasunaren ingurukoak, itunetik kanpo bakarrik ez, ahal bada espetxera. Ez da berria Miguel Sanz eta UPNkoen errepresiorako joera, arrazoi askogatik, ugari dira Nafarroan festak direla, gaztetxeen edo beste hainbat herri ekimenen aurkako polizi oldartzeak. (...)

Ikusiko da zertan zehazten den praktikan UPNren itun berria, baina EAEkoa ikusita, kolpeak non eta nolakoak izango diren samur aurreikus daiteke. Bistan da, halaber, PSN lotzen jarraitzen duela Sanzek itun berriarekin eta Nafarroa Baik oposizioko indar gisa nabarmentzeko aukera berri bat duela, bere barne arazoei aurre egin eta proiektu politikoaren ardatzak argitu eta finkatzen baditu bederen.

EAE-n sorgin ehizak aurrera darrai (...) baina zalantza barik azken hilabeteetan izandako gertaera larrienetakoa da Kontsuelo Agirrebarrena lizartzarrari ezarritako lau urteko espetxe zigorra, Regina Otaola Lizartzako PPko alkateari irain egin eta jotzen saiatzeagatik -hala dio Auzitegi Nazionalaren zigorrak-. Jotzea lortu balu zigorren bat mereziko luke Agirrebarrenak. Irainak eta saioengatik, egia balira -berak ukatzen ditu- isunen bat ere bai akaso... baina lau urteko espetxealdia? Proportzio eza erabatekoa da buruan zentzu apur bat duen edonorentzat. Irudika ezina litzateke Cadizen, Bartzelonan, Pisan, Oslon edo Berlinen. Ez da analisi juridiko-politiko gehiegirik behar berriz ere argi ondorioztatzeko euskal lurraldea salbuespen eremua dela Espainian.

PP eta EAJ bederen argi azaldu dira Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainian proposatu duen zerga igoeraren aurka. Eta normala da, alderdi horiek -PSOErekin batera- izan direlako EAEn eta Espainian azken urteetan izan diren zerga jaitsieren bultzatzaile. (...)

Krisian gastuari eustea logikoa da, familietan ere hori egiten da. Baina diru gehiagoren sarrerari uko zergatik egiten zaion ondo azaldu behar zaie herritarrei, eta zerga igoeren kontrako alderdiek ez dute hori egiten, gehien jota inbertsioetarako eta lehiaketarako ez duela laguntzen argudiatzen dute. Suedia, Frantzia edo Danimarka, adibidez, azken 40 urteetan zertan ari diren galdetu beharko litzateke orduan. Seguruenik, erantzunetakoa litzateke hauek ere atzera doazela presio fiskalean; eta bai, ongizate estatuak atzera egin du Europan ere, baina presio fiskalean EAE edo Nafarroa baino 10-20 puntu gorago daude oraindik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo