«Eskubide zibil eta politikoak berreskuratzea guztion lana da»
Udaletan lan politikoa egitea, gazte mugimenduetan edo amnistiaren alde eta presoen eskubideen defentsan aritzea ez dela delitua aldarrikatzeak «inoiz baino balio handiagoa» duela dio Maribi Ugarteburuk. Eskubide zibil eta politikoak berreskuratzea «guztion» lana dela nabarmentzen du eta hurrengo iganderako Altsasun antolatu duten Bat Egin Egunera joateko deia egin du.
Manex ALTUNA |
Hirugarren Bat Egin Eguna ospatuko da datorren igandean Altsasu eta Urdiain artean da- goen hariztian. Eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarrikapen festa izango da hainbat makroprozesutan auzipetutakoei sostengua adierazteko.
Nondik dator Bat Egin Eguna antolatzearen ideia?
18/98 sumario politikoa hastear zegoenean, Egin Irratia eta Egin egunkaria zeuden bitartean antolatzen zen Egin Egunaren espiritu hori berreskuratu beharra zegoela pentsatu zen. Izan ere, Egin-en kontrako auzia sumario horretan zegoen eta ikusi zen ondo egongo litzatekeela eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarrikapena jai bihurtzea. Horrela, 18/98ko auzipetuei babesa eman eta indarrak batzeko aukera ematen zuelako eta, bide batez, laguntza ekonomikoa jasotzeko hainbesteko dirutza kostako zen epaiketa bati aurre egin ahal izateko.
2006 eta 2007an ospatu ziren lehen bi edizioak, baina iaz ez zen jaialdirik egin.
Testuinguruak baldintzatuta hutsunea egon zen. Apur bat desanimatuta geunden guztiok, iaz 18/98ko auzipetutako gehienak kartzelan zeuden eta helegitea ere jarrita zegoen, baina ez zegoen itxaropen handirik Auzitegi Gorenaren aldetik. Aurten ordea, pentsatu dugu ezin zela bertan behera gelditu, eskubide zibil eta politikoen aldeko mezuak inoiz baino balio handiagoa duelako bizi dugun egoera kontuan hartuta.
Zein da zabaldu nahi duzuen mezua?
Gogoratu beharra dago aldarrikatzen duguna eskubideak direla eta gaur egun delitutzat hartzen dela antolatzea, lan poli- tikoa egitea edo ideiak askatasunez adieraztea. Auzi politikoetan gero eta erakunde eta antolakunde gehiagotako jendea dago. 200 bat lagun gaude eta horren atzean dagoen lan guztia ere birrinduta utzi nahi izan dute. Gero eta zirrikitu estuagoa geratzen da eskubide zibil eta politikoentzat, eta uste dugu ez dagoela soberan modu positibo eta umoretsu batean aldarrikatzea. Oso larria da jarduera politikoak terrorismotzat jotzea. Herri honetako sektore zabal baten kontra lege espainolak erabiltzen ari dira eskubide zibil eta politikoak urratzeko. Horren aurrean, herri bezala antolatu eta erantzun behar da indarrak batuz.
Gizartea legez kanporatze eta auzipetzeekin ohitzen ari dela uste duzu?
Arrisku hori dago. Normaltzat hartzen da Auzitegi Nazionalera deklaratzera joatea aste honetan Gaztesarearekin lotuta bertsolari eta musikari batzuk joan direnenean gertatu den bezala. Eta ez da horrela, Europan be- hintzat ez da beste inon gertatzen, eta harresi bat jarri behar zaio gelditzeko.
Estatu espainolak estrategia horretan sakontzeko apustua egin duela dirudi?
Bai oso gogor jarri dira, inongo mugarik gabe, nahiz eta NBEko giza eskubideen batzordeek behin baino gehiagotan ohartarazi dituzten. Salbuespen egoera batek izango lituzkeen ezaugarrietako asko ematen dira modu ezkutu batean. Izan ere, tankeak ez daude kalean eta ez dago toque de queda-rik. Normal bizi zaitezke, baina ez guztiok. Normaltasuna ez da osoa azken sei urtetan ez baita guztiz oinarrizko eskubidea den sufragio unibertsala errespetatu. Lehenengo eta behin, euskal herritarrak hori argi izan behar dugu eta autoestimu ariketa bat egin kikildu gabe kalera ateraz eta auzipetuta dauden kolektibo eta taldeek egiten duten lana guztiz legitimoa eta beharrezkoa dela aldarrikatuz.
Kartzela zigor gogorrak ezarri dituzte auzipetu politikoen kontra?
Bai, batez ere kontuan hartzen baduzu zer zen benetan egiten zutena. Terrorismo zigilua jartzen zaie jarduera politikoei, komunikatiboei, sozialei eta kulturalei, eta oso larria da. Beste hainbat gaude zain eta ikusten dugu gure kasuek ere bide bera har dezaketela. Auzipetuek eta, noski, kartzelan daudenek bizi dute era larrienean egoera, baina argi utzi nahiko genuke ez dela gure arazoa bakarrik. Arazo orokor baten ispilua da eta euskal herritar guztioi eragiten digu. Hemen ez dago berme demokratikorik eta eskubide zibil eta politikoak estoldetan botata daude. Horiek berreskuratzea guztion lana da.
Ildo horretan, erasoak handitu daitezkeela uste duzu?
Bai, legeak asmatu egin dituzte, beren neurrira daude eginda eta, horren arabera, Pandoraren kutxa zabaltzen da eta edozer sar daiteke barruan. Gaztesarea da azkena, baina inoiz aipatu izan dute Ikastolen Elkartea, kooperatiben mugimendua edo beste hainbat. Finean, Estatuko agintarientzat gustukoa ez den ideologia baldin baduzu, susmagarri bihur zaitezke. Adierazpen askatasuna dagoela esaten dute, baina bakarrik beraien gustukoa bada, bestela kanpora.