Euskal Herria jaietan
Mahoiaren urdinaz jantziko da Lezo patroiaren egunean
«Santakrutz jaiak» erdibidean dauden honetan dagoeneko ekitaldi asko izan dira, baina oraindik beste hainbat gelditzen dira bizitzeko. Gaur, marmitako txapelketako parte hartzaileek sukaldean duten trebetasuna erakutsi beharko dute. Bihar, herriko patroiaren egun handia izanik, urtez urte gazte gehiago biltzen dituen Arrantzale Bazkaria izango da ekitaldi nagusia, eta asteartean, Baserritarren Egunean, berriz, bazkaria eta bertso saioa ere izango dira.
Oihane LARRETXEA |
Bi egunez festa egin ostean nekea nabari daitekeen arren, Lezon oraindik badago zer egin eta nola gozatu. Jaien erdibide honetan, gaurtik astearteraino eskaintza zabala izango da: gastronomia lehiaketak, lagunarteko bazkariak edota idi-demak, guztia musikaz girotuta.
Jaki lehiaketek ezin dute hutsik egin eta, hala, gaur goizean Bekoerrota kiroldegiko frontoian X. Marmitako Txapelketa izango da.
«Horrelako ekimenetara ez da jende gazterik animatzen -dio Udaleko Xanti Valek- eta, oro har, helduak izaten dira lapiko eta su artean norgehiagoka ibiltzen direnak aparteko giroan».
Aurten guztira hamabi bikotek eman dute izena, eta guztiek 20 edo 25 lagunentzako moduko marmitakoa egin beharko dute. «Hau egindakoan, epaimahaikideek -sukalde kontuetan adituak diren bi emakumek osatuko dute epaimahaia- marmitako guztiak dastatu eta irabazleak izendatuko dituzte», azaldu dute antolatzaileek.
Sariak ere izango dira, noski: 150, 120 eta 90 euro hurrenez hurren lehen hiru garaileentzat. Eta parte hartu duen orok burruntzali bat jasoko du opari gaurko egunaren idatziarekin.
«Onena» ondoren etorri ohi da, izan ere, marmitako guztiekin herri bazkaria antolatzen da eta orduan biltzen da herriko jende mordoa. «Lehiaketan bertan jende andana biltzeaz gain, ondorengo otorduarekin makina bat herritar gerturatu ohi gara mahai inguruan», zehaztu du Valek.
Santakrutz eguna
Herriko patroiaren eguna izango da bihar, eta, hortaz, festetako egun nagusia.
Gazteek bereziki espero duten eguna izaten da patroiarena, izan ere, orduan ospatzen da Arrantzale Bazkari arrakastatsua. Nahi duenak parte har dezakeen arren, Valeren arabera «protagonismo berezia hartzen dute gazteek egun horretan».
Eguerdi aldean koadrilak poteoa egiteko biltzen dira, ondoren elkarrekin jatetxera joateko. Parte hartzea irekia da, baina arrantzalez jantzita egitea ezinbestekoa da.
Valek azaldu duenez, urtez urte indarra hartu duen jarduera izan da honakoa, eta honi esker, gazteek euren lekua aurkitu dute herriko festetan. Aurten 165 lagunek eman dute izena -iaz baino gehiagok- «pixkanakako lorpena agerian utziz».
«Inguruko herriek ere festa garrantzitsuak dituztenez, -dio Xanti Valek- madalenak Errenterian edota sanferminak Pasaian, gazteek apustu indartsua egin dute Lezori ere nortasun berezi bat ematearren».
Urte osoan egiten duten lanaren emaitzetako bat da adibidez patroiaren egunerako sortu duten abesti berezia. «Berezko abesti bat konposatu eta grabatu dute Santa Kruz egunerako, herriarekin benetako konpromisoa hartu duten seinale», esan du harrotasunez Valek lezotarrentzat festetako egunik kutunena dela baieztatuta. «Pilota, arrantzaleen topaketa, bazkaria, pilota finala, zezensuzkoa, berbena... aitzakia ederrak Lezora etortzeko».
Baserritarren Eguna
Etzi amaituko dira festak Nekazari eta Baserritarren Egunarekin. Nabarmentzeko, izen handiko bertsolarien parte hartzea Egaña, Lizaso, Lagoma eta Irazurekin.
Halaber, goizeko bederatzietan ganadu feria izango da eta ondoren sari banaketa.
Bertso saioa arratsaldeko zortzietan izan arren, eguneko lehen ordutik izaten dira bertsolariak herrian bai baserritarren bazkarian, baita eguerdiko idi-deman ere.
Udaletik azaldu dutenez, aspaldiko ezagunak dira hauek eta finean lagun zaharren arteko giroa da festetako azken egunean izaten dena.
Herriko azken eguna euskal nekazari eta baserritarrei zuzenduta dago. Horien omenez idi-dema, bazkariak eta bertso saioak izaten dira. Aurten ere, izen handiko bertsolariak arituko dira.
Festetako gakoetako bat izaten da patroiaren egunean ospatzen den Arrantzale Bazkaria. Batez ere gazte gehiagok sustatuta, urtetik urtera jendetsuagoa da. Mahoizko arropak jantzita joatea da bete beharreko baldintza.
Inguruko herriek bezala, Lezok ere bere festak indartu nahi ditu hauek ere gazteen artean erreferente bihur daitezen. Urte osoko lanaren fruitua da, esaterako, bereziki egun handirako sortu duten abestia.