GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Beatriz ARANA ORTIZ I AHTren aurkako udako martxako parte-hartzailea

Aramaioko bailara arrisku larrian

Naturan kalte itzulezinak eragiteaz gain, Abiadura Handiko Trenaren lanek bertakoen bizimoduak aldatu dituzte

Aramaioko bailaran abiadura handiko trenaren lanak azkar doaz. Makinak aritzen ari diren bazterretan paisaia eraldatzen ari da egunez egun, bertakoek ez ezagutzeraino. Etorkizunean kilometro luzea izango litzatekeen biaduktuaren zutoinak erraztasun osoz ari dira eraikitzen. Abuztua ez da opor garaia izan lanentzat. Izan ere, jai egunetan ere egiten dute lan langileek.

Bolinburu baserriko larreak berdeak, bukolikoak eta emankorrak ziren duela gutxi arte. Zaldiek bertako belarra bazkatzen zuten hondeatzeko makina erraldoiak sartu baino lehen. Orain zuhaitzak desagertu dira, lur begetala ez da existitzen eta kolore horiak berdea ordezkatu du lur zabalera handi batean. Luizi bat gertatu dela dirudi, hauxe baita lurra errotik kentzeak ekarri duen ondorioa. Okupatutako lur eremuaren zabalera beldurtzekoa da: bailararen erdigunean zangak ehun eta hirurogeita hamar metro inguruko zabalera dauka eta luzera kilometro batekoa da gutxi gorabehera.

Abiadura handiko trenaren lanek basamortuari ireki dizkiote ateak Aramaion.

Lanak eta makinak etxe ondoan dituen Garazik eman digun testigantzaren bitartez jakin izan dugu AHTren lanek zuzenki kaltetzen dutela familia baten bizimodua azpiegituraren eraikuntzaren lehenengo fase honetan.

«Aurreko egunean, etxean ikasten ari nintzela, izugarrizko leherketa entzun nuen eta baserri osoa dardarka hasi zen; lurrikara bat zirudien», kontatu digu Garazik. Bailaran nagusiak ziren isiltasuna eta lasaitasuna irentsi dituzte leherketen hotsek. Hau entzunda, ez da harritzekoa animaliak ere izututa egotea. Basurdeak, esate baterako, bailararen alde batetik bestera zebiltzan askatasun osoz lanak hasi aurretik. Gaur egun, berriz, ezin dute erdian jarri dieten zanga gaindiezina zeharkatu. Lur okupazio itzel honek animalia basatientzako sortzen duen hesi efektuari maiztasun handiz gertatzen diren leherketak gehitu behar dizkiogu. Hegaztiek ere, gustukoa ez duten gauza arraroren bat sumatu omen dute eta beste nonbaitera alde egin dute. Inguruan ez dira lehen adina hegazti ikusten. Inondik inora ere.

Bolinburu erreka landaretza eta zuhaitzen artean igarotzen zen garai batean. Lanak direla-eta, erreka desbideratu egin dute egun, eta ubidea hodi handiek osatutako zementuzko tunel baten azpian lurperatuta geratu da. Aipatu hesiari eta leherketei beste oztopo hau gehitu zaie animalia lurtarrei. Eta errekako faunaren egoeraz zer esanik ez! Ia desagertzear zegoen eta berreskuratze bidean zen bertako karramarroarentzat heriotza zigorra izan da ibaiaren eraldaketa. Karramarroak desagertu dira jadanik Aramaion.

Agur Bolinburuko basurde, hegazti eta karramarroei!

Aramaio errekan legez kanpoko presa bat eraiki dutela salatu dute bertako biztanleek. AHTren lanetarako behar duten ura hortik hartzen dute. Hautsa ere amesgaizto ari da bilakatzen aramaioarrentzat, beraiena den guztia hautsez gainezka aurkitzen baitute: baratzetako barazkiak, leihoetatik kanpo zintzilikatzen duten lixiba, inguruko zuhaitz eta landareak... Horiek guztiak hautsak gainezka egoten dira.

AHTren lanek sortzen dizkieten kalte zuzenaz gain, zeharkako kalteez ere hitz egin digute hangoek. Esate baterako, esnea saltzen duten bertako baserritarrentzat gauzak izugarri okertu dira. Jendea ez dela lehen bezala baserrira hurbiltzen esnea erostera, armadun gizonak edonon dabiltzalako, aitortu digute saminak jota. Azken hauek edonori galdegiten diote identifikazio agiria, bai esne bila doazenei, bai txirrindulariei baita auto ezberdin batean etxetik atera den auzokide bati ere.

Nori gustatuko zaio armatu bati kontuak ematea esnea erostera doala?

Naturan kalte itzulezinak eragiteaz gain, abiadura handiko trenaren lanek bertakoen bizimoduak aldatu dituzte jadanik Aramaion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo