VUELTA
«The best technology»
Amets TXURRUKA I Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
What happens in our room? Something is changed these days? Ba bai, enteratuko zineten honezkero nire gelakideak «dibortzioa» eskatu didala. Hiru aste dira bizikide izaten hasi ginela eta ez dut uste oso astuna izan naizenik, baina badirudi aspertu dela eta datorren urtean ez dudala berriro gelakide izango esan dit egunotan. Esaten zuen gure zutabeek Facebook edo Twiter-en antza zutela; bazekien honek zerbait ordurako. Twiter delakoa zer denik ere ez nekien nik, baina gure Markelok, 7 Tour irabazi dituen amerikarraren komunikazio sistemen berri zuen ordurako.
Urtarriletik aurrera, oraindik ere aurreratuago izango dugu teknologia kontuetan Oñatiko morroskoa, izan ere, datozen bi urteetan Armstrongen RadioShackindartsuarekin lehiatzeko akordio bat lortu baitu. Hara ba, gure banantzearen zergatia!
Elektronika mundua abiapuntu hartu nahi nuen gaurko zutaberako. Teknologia aurreratuena darabilgu karreran: bizikletak kanbio elektronikoarekin, pultsometroak milaka datu, grafiko bidez etapa aztertzeko ordenagailuak... Zoratzeko modukoa teknologia aurrerapena! Aipatu bezala, bizikletan katea aldatzeko sistema elektronikoa darabilgu, betiko kableen ordez botoitxo bat sakatuz elektronikoki aldatzen du koroa batetik bestera zehaztasun handiz. Txinatarren azken ekarpena da hau eta benetan aurrerapen handia dela zin dagizuet. Bestetik, pultsometroak biltzen dizkigun milaka datuak ordenagailura pasatu eta aztertzea ere kuriosoa da. Gaurkoan honekin irakurleok informatu eta mareatzea pentsatu dut.
Velefiqueko etapa menditsuaren inguruko datuak erakutsiko dizkizuet adibide gisa: 179 kilometro egiteko, 5 ordu eta 38 minutu behar izan nituen, beraz, 32 km/h inguruko batezbesteko abiadura, abiadura maximoa 92,3 km/h izan bazen ere jaitsieraren batean. Altuerari erreparatuz, itsas mailatik 70 eta 1.886 metro bitartean ibili ginen gora eta behera. Baina desnibela 4.865 metrokoa izan da. Igo genuen dena jarraian jarriz gero, itsas mailan hasi eta ia 5.000 metroko mendate bat igo genuela; Mont Blanc mendatera igotzea beste, ez da gutxi, e!! Malda gogorrenaren pendiza %19koa izan delarik, pareta ederra!
Bihotz taupadak, goizean, atsedenean, 35 inguru nituen, baina karreran gutxien izan nituenean, 64, eta gehien 190ra iritsi nintzen (neke pixka bat nabaritu eta ezin maximoa harrapatu): batez beste 145 taupada/minutuko, 5 ordu eta erdi pasatxoan, 49.142 taupada guztira. Bada zerbait ez? Bihotz handia dugula esaten dugunean, ez pentsa pertsona ezin hobeak garelako denik, muskulu honi lan eragiten diogulako baino...kar-kar-kar!
4.500 kilokaloria erre omen nuela dio erlojutxo honek eta hala izango da, neraman guztia jan arren, ekin bainion masajistak prestatua zigun meriendatxoari.
Beste zenbait datu ere ematen dizkigu traste honek, baina gaurkoz nahikoa mareatu zaituztet. Gainera, guzti hauek jakitea lagungarria bada ere, benetan balio duena azkar joatea da eta horretan oraindik gu baino hobeak badirenez, atseden hartzea erabaki dut. Ia biharkoan datu hauek hobetzeaz gain, errendimendua hobetzeko ere balio duen!