GARA > Idatzia > Kirolak

BAT FORMULA I Italiako Sari Nagusia

Hamiltonek gelditu du Force Indiakoen gorakada Monzan

Giancarlo Fisichellak hamalaugarren amaitu zuen Ferrarirekin eginiko aurreneko asteburuan. Button eta Barrichellok azken aldiko maila eskasa errepikatu zuten.

p055_f02_097x092.jpg

GARA |

Ferrariren etxean, McLaren nagusi. McLaren eta Force India harrigarria. Lewis Hamiltonek azken itzulian kendu zion pole position-a Force India taldeko Adrian Sutili. Belgikan duela hamabost egun bere taldekide ohi Fisichellak erakutsi bezala, Sutilek Indiako taldea goranzko bidean doala erakutsi zuen Italiako Sari Nagusiko entrenamendu ofizialetan.

Alabaina, bere poza Hamiltonek ostu zion. Jardunaldi osoan hanka-sartzerik egin gabe moldatu zen britainiarra eta, bada, azken itzuli gogoangarri baten ostean, merezita eskuratu zuen gaur eguerdiko lasterketarako egokierarik onena izateko eskubidea. Ferrari taldeko Kimi Raikkonen finlandiarra izan zen hirugarren eta Kovalainen, McLaren taldeko bigarren pilotua, laugarren.

Azken saioa segundo milaren gutxi batzuen barruan erabaki zen. Monzako zirkuituan abiadura itzela hartzen dute autoek, baina gakoa zirkuitu erdian kokaturiko bihurgune geldiak inork baino hobeto hartzean ei dago. Bihurgune horietan denborarik gutxien galtzen duenak, eta abiadurarik biziena arinen berreskuratzen duenak, horrek lortu ohi denborarik onena.

Hala, Rubens Barrichellok eskuratutako bosgarren postutik Fernando Alonsoren zortzigarrenera 57 segundo milaren baino ez omen ziren egon. Barrichello brasildarraren ostean bere taldekide Jenson Button, munduko txapelketako liderra, sailkatu zen, 15 milarenetara. Esan behar, azken lasterketetan Brawn GP taldeko autoek hasierako lasterketetako nagusitasuna galdu egin dutela. Hala ere, ez dirudi inork ostuko dienik aurtengo Bat Formulako txapelketaren burua, abantaila. Esaterako, sailkapenean orpoz orpo dituzten Mark Webber eta Sebastian Vettelek atzeragotik ekingo diote gaurko lasterketari.

Fisichella Ferrarin

Bestetik, tifosiek Giancarlo Fisichellarengan begiak iltzaturik izan zituzten atzo. Force India utzi eta Luca Badoerren ordez Ferrariren bigarren autoa hartu zuen italiarrak. Hamalaugarren denborarik onena eskuratu zuen honek; oro har, emaitza, erdipurdikoa, baina Badoerren emaitzak kontuan hartuta, «pozik egoteko modukoa», pilotuaren beraren hitzetan.

«Hauxe izan da autoa hartu dudan aurreneko asteburua. Oraindik behar bezala ezagutzen ez dudala kontuan hartuta, nahiko pozik egoteko moduko emaitza eskuratu dut», adierazi zuen Fisichellak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo