GARA > Idatzia > Kultura

Samuel Maoz israeldarraren «Lebanon» filmak lortu du Mostrako Urrezko Lehoia

«Lebanon», Libanoko gudan soldaduek tanke barnean bizi dituzten 24 orduak kontatzen dituen filmak, Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiko film onenaren saria jaso zuen atzokoan. Zilarrezko Lehoia, berriz, Shirin Neshatek lortu zuen «Zanna bedoone mardan» filmari esker. Emakumezko Aktore Onenaren saria, bestalde, Kseniya Rappoort errusiarrarentzat izan zen eta Gizonezko Onenarena, Colin Firth britainiarrentzat.

GARA |

1982an Libanoko gudan soldaduen bizipenak ardatz dituen «Lebanon» filmak irabazi du Veneziako 66. zinema jaialdiko Urrezko Lehoia. Istorio pertsonala kontatzen du Samuel Maoz israeldarraren lanak, zuzendariaren oroitzapenetatik sortutakoak, hain zuzen. Saria jasotzean, Maozek «gudatik itxura batean behintzat ongi bueltatzen direnei» eskaini nahi izan zien. «Hiltzeari uzten diogun unean, guda gelditu egiten dugu. Noizbat gerra desagerraraziko dugula espero dut». Izan ere, beldurra eta ezinegona islatzen ditu filmak Michael Moshonov, Yoav Donat, Itay Tiran Oshri Cohen eta Zohar Strauss aktoreen bitartez. Zuzendaria pozarren igo zen agertokira eta bere diskurtsoa «Gora zinema artea eta Gora Venezia!» esanez amaitu zuen.

«Lebanon»en arrakasta iazko «Vais con Bashir»en ondoren etorri da. Honakoak zuzendariak gerrari buruz dituen oroitzapenak ditu oinarri eta, kasu honetan, Sabra eta Chatilan (Libano) palestinarrek jasandako zapalkuntzaz mintzatu zen Maoz.

Zuzendari Onenen Zilarrezko Lehoiaren garaile suertatu zen, bestalde, Shirin Neshat «Zanna bedoone mardan» filmagatik. Teheranen kokatutako filmak hiritarren egoera salatzen du, bereziki emakumeen askatasun falta.

Aktoreen artean Kseniya Rapoortek eta Colin Firthek eskuratu zituzten sari handiak. Lehenak «La doppia ora» filmean egindako lanagatik jaso zuen Volpi saria. Errusiarrak Turingo hotel bateko langile misteriotsu baten papera egiten du; Buenos Airesen bizitza berri bat hasteko asmoz, lapurretan ibiltzen den eslovakiar batena, hain zuzen ere.

Colin Firth britainiarrak, berriz, «A single man» filmeko paper protagonistarengatik jaso zuen Gizonezko Aktore Onenaren saria. Tom Forden filmean, George Falconerren paperean sartzen da Firth, bikotea galdu berri duen irakasle homosexual baten azalean hain zuzen.

Epaimahaiak, bestalde, sari berezia eman zion Fatih Akin alemaniarraren «Soul Kitchen» filmari. Jaialdian filma ikusi zuen publikoak harrera ezin hobea eman zion komedia honi eta, horrenbestez, bere saria ere lortu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo