Biarritzen eta Baionaren arteko derbia, Anoetan
Biarritzek Avironek baino freskoago izan du burua
Jon LEUNDA |
Biarritzek ez zuen barkatu. Avironek baino freskoago izan zuen burua, eta ia bigarren zati osoa lagun bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen arren, garaipena erdietsi zuen. Baionarrek defentsako lanari esker puntu bat eskuratu zuten, nahiz eta atzo horrek ez zien poz handirik emango.
Derbietan ez da joko handirik ikusten, eta atzo ere ez zen hori aldatu, talde batek zein besteak ez baitzuten ikuskizun handirik eman. Lehen zatian Aviron gehiago izan zen, Biarritzek ezer gutxi egin zuen, baina markagailuari parean eusteko modua egin zuen. Bigarrenean, gauzak okertu arren, gehiago izan ziren, eta, bat gutxiagorekin ere, aurkariak baino hobeto aritu ziren.
Avironek orain arte itxura hobea eskaini izan du jokatu dituen partidetan, baina atzo ez zuen burua argi izan jokoan. Lehen zatian, itxuroso, baina bigarrenean ez zuten ezertarako aukerarik izan. Amaieran Biarritzek barkatu ere egin zien, hiru zigor huts egin eta entseguak egiteko aukeraren bat edo beste izan baitzuten; baina zuri-gorriek helburua bete zuten.
Lehen zatian Aviron izan zen nagusi, lehen ordu erdian hain zuzen. Zuri-urdinek beren jokoa egin zuten. Presioa aurrean egin, Biarritzi jokatzen ez utzi, eta hegaletako jokalarien abiaduraz baliatu nahi izan zuten, baina ez zuten entsegurik lortu.
Ez zuten joko ikusgarririk egin, baina bai etxekoek baino hobea. Hala ere, epaileak geldialdi asko agindu zituen, ez zuen nahi partidak eskuetatik ihes egiterik, eta zigor bakoitzean jokalariei gauzak argi uzten saiatzen zen. Horrek baina, ez zion ikuskizunari gehiegi laguntzen.
Arraietek aitzineratu zituen kanpokoak zigor bati esker, baina Courrentek jokaldi berari esker berdinketa lortu zuen. Berriro ere mauletarrak aurreratu zituen hiriburukoak, eta Courrentek berriro ere oreka jarri zuen. Lehen zatiko azken minutu hauetan zuri-urdinek presioa jaitsi zuten, eta une horretan Biarritzek hartu zuen aginte-makila, eta nahiz eta azken hamar minutuetan Aviron bat gutxiagorekin aritu -Blakek txartel horia ikusi baitzuen-, Biarritzek ez zuen min handirik egitea lortu.
Txartel gorria
Bigarren zatia primeran hasi zen etxekoentzat. Bosgarren minutuan Courrentek zigorra gauzatu zuen, eta markagailuan lehen aldiz aitzinetik jarri ziren. Gauzak, ordea, asko okertu zitzaizkien lau minutura, epaileak ongi merezitako txartel gorria atera baitzion Taeleri. Elhorgak baloia harrapatu eta kontraerasora abiatu zenean, oso sarrera itsusia egin zion Biarritzeko jokalariak, eta epaileak ez zuen inongo zalantzarik izan Taele aldageletara bidaltzeko garaian. Horrek partida aldatuko zuen.
Ordu erdia baino gehiago falta zen norgehiagoka amaitzeko, eta Avironek tarte hori jokalari bat gehiago zuela jokatu behar zuen. Halere, zuri-urdinek ez zuten asmatu horrela jokatzen. Ez zuten baloirik izan, eta zutenean, oso erraz galtzen zuten.
Courrentek hiru zigor-kolpe huts egin zituen, eta bazirudien oraindik hiriburukoek beste aukeraren bat izan zezaketela. Alabaina, neurketa amaitzeko hamar minuturen faltan izan zuen zigor-kolpearekin ez zuen hutsik egin, eta sei puntuko aldea jarri zuen markagailuan.
Oraindik baziren minutuak aurretik, baina kanpotarrek ez zuten baloirik izan, ez zuten entsegu bakar bat ere egiteko aukerarik izan, eta puntu gehigarria ere arriskuan izan zuen. Amaieran Biarritzek merezitako garaipena erdietsi zuen, eta Avironek, berriz, ez zuen ezertxo ere egin irabazteko.