GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abertzaleen arteko estrategia bateratua aldarrikatuko du EAk Iruñean, Alkartasun Egunean

Euskal Herriaren nazio izaera mahai gainean jartzeko, igandean, Iruñean alderdiaren eguna egingo du EAk. «Abertzaleon konpromiso garaia» iritsi dela esan, eta abertzaleei biltzeko deia egingo diete bertatik.

p015_f01_213x321.jpg

Oihana LLORENTE

Iruñeko Labrit pilotalekuan izango da igandean EAren Alkartasun Eguna, eta aurtengo ikasturte «korapilatsuaren» ostean, alderdiak ospakizun hau, azken urteetan ez bezala, «lasaitasun eta aldarrikapen giroan» egingo duela adierazi zuten atzo prentsaurrekoan Maiorga Ramirez eta Ikerne Badiola alderdikideek.

Urteroko hitzordu honek «izaera politiko sakona» izango duela nabarmendu zuen Ramirezek. Izan ere, egungo egoera politikoan «abertzaleen estrategiaren indarberritzea ezinbestekoa» dela adierazi zuen, eta horixe izango da Labriten lau hai- zetara zabalduko duten deia. Lortu beharreko estrategia horrekin «euskal herritarrek dagokien erabakitzeko eskubide demokratikoa» erdietsiko duten zalantzarik ez du Pello Urizar buru duen alderdiak.

«Abertzaleok batu beharra dugu, Estatuari eta jada batuta dauden horiei aurre egiteko», azaldu zuen Ramirezek, PPk eta PSOEk, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan duten jokaerari erantzuten.

Euskal Herria herri gisa onartua izateko bideak «erabat blokeaturik» daudela uste du Ramirezek, eta horren adibide jarri zuen Gasteizko Gobernuan onartutako Kontsulta Legeak izandako ibilbidea.

Horren guztiaren aurrean, argi du oraingoa «abertzaleon konpromiso garaia» dela eta, horretarako, alderdi abertzale ororen artean estrategia bateratua adostu beharra dagoela aldarrikatu zuen EAko kideak.

Abertzaleen indar batzea lortzeko dagoeneko EA lanean ari dela esan, eta alderdiak hausnarketa prozesu bat burutu duela adierazi zuen; gainerako alderdiei, EAJ eta bereziki ezker abertzaleari ere hausnarketa egiteko gonbita egin zien. Zuzenean ezker abertzalearen inguruan galdetuta, ETArekiko duen menpekotasuna gainditzea dagokiola aipatu zuen.

Estrategia abertzalearen indarra «adimenean, konpromisoan eta buruan» dagoela gehitu zuen Maiorga Ramirezek «eta ez indarkeriaren erabilpenean».

Nafarroaz harro

Euskal Herriaren nazio izaera eta Nafarroako herritarrek euskaldunak izateko duten eskubidea aldarrikatzeari «inoiz baino garrantzitsuago» deritzo EAk, eta horregatik aukeratu du Nafarroa igandeko Alkartasun Egunaren agertoki.

Herrialde horretan herritar askok ez dituztela hizkuntza eskubideak bermatuta gogorarazi eta ikurrina bera «debekatuta» dagoela salatu zuen Ramirezek; hainbat alkate eta zinegotzi auzi hori dela-eta juridikoki zigortu dituztela ere oroitarazi zuen eta haiei igandean bertan omenaldia egingo zaiela eman zuen aditzera.

Krisi ekonomikoaren ondorioez ere luze aritu zen Maiorga Ramirez eta egoera honek ere «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubide gabezia» agerian jarri duela defendatu zuen EAko Nafarroako agintari nagusiak.

eguerdian

Labrit pilotalekuan emango dio hasiera Eusko Alkartasunak alderdiaren egunari, 12.00etan egingo duten ekitaldi politikoarekin. Horren ondotik, bertaratutakoek herri bazkaria egingo dute Atarrabian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo