GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Biolin jotzailea

 

Dirurik ez ei dago. Hasi dira abisua zabaltzen. Abisua eta gero datoz merkealdiak, harrapaketak eta arpilaketak. Kontuz herritarrok, zeuon patriketatik oihala ere erauztera datoz laster batean. BEZaren bidezidorra aldarrikatu dute oraingoan. Ekonomia alorreko erakundeak ados omen daude. Ez dira ba egongo, denak bat eta bakarra dira eta! Lau haizetara zabaldu, hala ere, baietz, bidezkoa eta egingarria dela, are “ekonomiarentzako gomendagarriena”. Bego. Geuk sakelak bueltan kanporantz geratu arte astinduko ditugu, saldoka presoen argazki, elastiko eta pegatina bila ibili diren arloteek negu gorrian ere peskizan jarrai dezaten: halako gastuak bai beharrezkoak, alajaina.
 
Lohia dirudi, bai, presidente txit agurgarri bilakatutako tabernero eskolagabeak dirutzak pilatzen dituen honetan, geuk berari eta bera bezalakoei mesede egiteko esnatu beharra goizero-goizero. Ez da lanera joateko arrazoi pozgarria, nolabait esatearren. Estigma kontua izango da akaso. Alegia, aberatsak aberats, eta txiroak txiro izateko kondena betierekoa. Gogoan dut nire ikaskide izandako neska bati gertatutakoa. Oso txikia zela, hesteak gainean hustu zituen. Hankatik behera ikusi genion zera likits hori herrestan. Eta bere lotsa handi hura. Hain izan zen barregarria, ezen ez bainuen barrerik egin. Errukia ate-joka nuen. Gerora orkestra ospetsu bateko biolin jotzaile bilakatu zen, jotzaile aparta, baina geure begietara beti izango da egun hartako neska kakaztua. Hara, estigma zer den haurrei azalduta.
 
Geure presidentea, ordea, ez da aberatsen leinukoa. Bere diruzaletasuna, beraz, ez da betikoa. Berria da. Horixe da hemengo sasisozialisten ezaugarrietako bat: gure auzoetatik beste lubakira egin dutela ihes, orain gure patriketan ogi apurrak ere bilatzen dabiltzan horien lubakira, hain justu. Dirurik ez ei dago… guretzat!
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo