Haizea Erquicia eta Pello Mugarza
Etsipenaren aurka
Istripu ezberdinak direla medio, bizkarrezur muinean traumatismo larriak jasandakoen kolektibo txiki bateko partaide gara. Ezinezkoa da Euskal Herrian bizkarrezur muineko lesioa zenbat jendek duen zehazki jakitea, baina, datu ofizialetara joz gero, Autonomia Erkidegoan min hartutakoen 60 kasu berri inguru zenbatzen omen ditu Osakidetzak urtero; beraz, azken hamarkadan 600 inguru izatera iritsi garela pentsatu behar da.
Gure artean aldeak badira, jakina, lesioaren kokapena eta larria non eta nolakoa, ondorioak, sintomatologia, ezinak, eta autonomia maila halakoak. Traumatismoak gurpil aulkian eserita bizitzera zigortzen gaitu, bai, baina hori agerikoena baino ez da. Gure bizi kalitatean eragin zuzena duten bestelako arazo kolateral ugari, eta ez hain agerikoak ere, sortzen zaizkigu: psikologikoak, bizkarreko minak, arnasteko zailtasunak, esfinterren kontrol eza, eskarak, zundek sorrarazitako zoldurak...
Gehienetan etsia ematen zaigu min hartu eta gero, «bukatu da, akabo», egoerak hobera barik, okerrera joko duela izaten da igorri ohi zaigun mezua. Suposa dezakezunez, etsipena nagusi. Gutariko batzuek, alabaina, depresio eta etsipenaren aurrean errenditzerik ez dagoela erabakita, aukera eta bide berriak bilatu eta jorratu ditugu. Non? Lisboan (Portugal), Antonio Reis sendagilearen ebakuntza gelan.
Reisek bizkarrezurra ireki eta bizkarrezur muina saneatu egiten du kisteak, hezur puskak eta gogortasunak garbituz. Ebakuntzaren helburua garuna eta gorputzaren arteko zubia berregitea da, isurkari zefalorrakideoaren (LZR) jarioa berreskuratzeko. Reisek dio honen ondorioz gaixoak galduta dituen hainbat sentipen berreskuratzen dituela. Eta? Dioena egia da ala saltzaile diruzale lotsagabe bat besterik ez da? Bada, Lisboara joandakook, argi eta garbi, egia dela diogu, guk geuk geure soinetan baieztatu ahal izan dugulako. Miraririk ez; bai, ordea, gure bizi kalitatean eta autonomia mailan hobekuntza nabarmenak. Benetan merezi dutenak. Ez gara, inolaz ere, Lisboara joan izanaren damu.
Galderak derrepentean datoz: zergatik ez die Osakidetzak bizkarrezur muina kaltetuta dutenei Lisboara joateko aukera aurkeztu ere egiten? Zergatik ez du Osakidetzak bere egiten guk jada geure gorputzetan frogatu duguna? Esku eta ekimen pribatuetan utzi behar da hau guztia?
Jakin badakigu ez garela bizitzaren gogorrak kolpatutako bakarrak eta seguruenik ezta gehien sufritzen dugunak ere, baina halere, laguntza eskatzeko lotsarik ez, gure kolektiboak irabazteko asko duela uste dugu eta. Gure mezua zabaldu nahi genuke eta zuzentzen duzun egunkarira jotzen dugu ahalegin horretan lagun gaitzazuen.