Xanti Begiristain Madotz Iruñea
Abaurregaineko hilarrien lorategia
Tamalgarria da Abaurregaineko hilarrien lorategi berrian gertatu dena. Alde batetik, gurpil aulkian ezin da bisitatu, eta bestetik, bisita gidatuak gaztelania hutsean izanen dira momentuz, behintzat, gaur bertan (09-09-10) jakin ahal izan dudanez.
Oztopo arkitektonikoei buruz, esan beharra daukat bere garaian, proiektua lehendabiziko aldiz «Mendixut» aldizkarian irakurri nuenean, ikusita oztopo arkitektoniko batzuk utzi behar zituztela, telefonoz aritu nintzela garai hartako alkatearekin, saia zitezen aipatu oztopoak kentzen eta pertsona guztientzat erabilgarria egiten, baina ikusten denez, ez nuen batere arrakastarik izan. Gaur egun, hilarrien lorategira ezin da iritsi gurpil aulkian, eskailerak daudelako eta arrapalarik ez. Beste alde batetik, hilarrien labirintoko zorua teila puskaz omen dago osatua; gurpil aulkiak ibiltzeko ez dut uste oso gomendagarria izanen denik.
Gaur bertan deitu dut telefonoz «Mendixut» aldizkarian agertzen zen zenbakira, informazio gehiago jasotzeko, eta kasu egin didan pertsonak, gidak, alegia, gaztelaniaz egin dit, euskaraz ez zekielako.
Beraz, eta bukatzeko, hasieran adierazi dudan bezala, tamalgarria da obra berri batean bi akats, bi lege-hauste egitea, hau da, 2009an mugikortasun urriko pertsonak zokoan bazterturik uztea eta beste horrenbeste euskaldunak. Azpimarratu nahi dut lege-haustearena, pertsonen eskubideez ari garelako, eta ez txorien abestiez. Pertsona ahulenen eskubideak ez betetzea pertsona horiek zapaltzea eta bereiztea da, eta hori oso itsusia eta larria da mundu osoan.
Batzuetan iruditzen zait aurrera joan beharrean, atzera egiten dugula. Denak dauka konponbidea, nahi izanez gero.