GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hernanik eta Oiartzunek udaberrian abiatuko dute atez ateko bilketa

Usurbil aitzindaria izan da, eta atez atezko sistema abiatu zuela sei hilabete pasa direnean, emaitza «paregabeak» plazaratu ditu. Hala, gaika biltzen den hondakin kopurua %28,43tik %82,33 igotzea lortu du. Honek irekitako bideari jarraiki, datorren udaberrian beste bi herri hasiko dira sistema hau erabiltzen: Oiartzun eta Hernani. Gainera, oraindik data zehatzik jarri ez badute ere, Debagoieneko Mankomunitatea osatzen duten herriak ere hasiak dira ate-joka.

p016_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Jakina zen Oiartzun eta Hernani aspaldian ari zirela hondakinen atez ateko bilketa ezartzeko lanean eta atzo iragarri zuten bi udalerrietako alkateek datorren udaberrian egikarituko dutela euren asmoa. Izatez, azterketa lanak burutuak dituzte eta datorren hilean hastekoak dira prozesu parte-hartzailea abian jartzen.

Oiartzungo alkateak, Aitor Etxeberriak, herri bakoitzaren ezaugarriak eta herritarren parte-hartzea sakonki aztertzearen garrantzia nabarmendu zituen.

Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak, berriz, biztanle kopuru gehiago dituzten herrietan ere sistema hau aplikagarria dela demostratzeko asmoa erakutsi zuen. «Hernani bezalako herri bat -19.000 biztanle baino gehiago dituela- gai baldin bada sistema hau abian jartzeko, esaten dutenaren kontra, borondatea eta asmo sendoa izanez gero, Donostia batek ere egin dezake», nabarmendu zuen Hernaniko alkateak. Horregatik, errauste plantaren alde egiten dutenei eskatu zien ez dezatela argudio moduan erabili herri handietan beste sistema bat abian jartzea ezinezkoa dela. Ildo beretik, San Markos Mankomunitateko lehendakariak, Ricardo Ortegak, gogora ekarri zuen Euskal Herritik kanpo badaudela horren adibide ugari.

Hernanik eta Oiartzunek aitzindari ona izan dute, gainera, Usurbilek oso emaitza onak lortu baititu orain sei hilabete atez ateko sistema martxan jarri zuenetik. Agerraldian Jordi Colomer teknikariak nabarmendu zuenez, iazko apiril, maiatz, ekain eta uztaileko datuak hartu eta aurtengoekin alderatuz gero, emaitzak deigarriak dira: gaika bildutako hondakinen portzentajea %28,43tik %82,33ra igo da.

150 tonatik 25era

Errefusaren zatiaren beherakada da, ordea, teknikariak azaldu zuenez, daturik deigarriena; izan ere, batez beste hilero 150 tona baino gehiago jasotzetik, 25 tonara pasatu dira. Kopuruari dagozkion datuak onak dira, eta kalitateari dagozkionak ere bai:«Ontzien kasuan, esaterako, edukiontzien bidez jasotakoa baino kantitate gehiago eta kalitate hobekoa ari gara jasotzen». Organikoa bosgarren edukiontzian jasotzen duten herriek baino datu hobeak lortu dituztela ere gogora ekarri zuen Colomerrek.

Teknikariak Usurbilgo datuak Mankomunitatera estrapolatu zituen: «Usurbilen urtean 1.700 tona errefus gutxiago jasoko dugu eta datuok Mankomunitateko herri guztietara estrapolatuz gero, 90.000 tonako murrizketa izango genuke», azaldu zuen, San Markoseko zabortegira eramaten ari zen hondakin kopurua 110.000 tonakoa zela gogoratzearekin batera.

Atez ateko bilketarekin, Zabortegien Zuzentarauan 2009rako eta 2016rako zehaztutako helburuak erdietsi dituztela nabarmendu zuen teknikariak: «Beraz, posible da zuzentaraua betetzea hondakinak errauskailura eraman beharrik gabe».

Usurbilgo alkatea, Xabier Mikel Errekondo gustura agertu zen lortutako emaitzekin eta herritarrei eskerrak emateaz gainera, sistema oraindik ere gehiago hobetze aldera, herritarren artean inkesta egiteko asmoa dutela aurreratu zuten.

San Markos Mankomunitateko herrietatik kanpo ere badira egitasmoak atez ateko sistema abian jartzeko, eta hala jakinarazi zuen Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariordeak, Pedro Lasagabasterrek. Atez ateko bilketa abiatzeko erabakia hartuta dago, eta azterketa jada abian da. «Eredu kontsumista batetik jasangarriago batera pasatzeko bidea da, ereduari berari jotzen diolako sistema honek», nabarmendu zuen hark.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo