Suspertze ekonomikoak ez du langabezia gero eta handiagoa saihestuko, ezta pobrezia ere
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) «Enpleguaren Aurreikuspenak» txostenak dioenez, ekonomia suspertzeak ez du eragotziko langabeziak areagotzen jarraitzea. Haren arabera, hazkunde ekonomikoak datorren urtean gauzatzen hasi beharko luke, baina «moderatua» izango da, eta 2010aren bukaeran Bigarren Mundu Gerratik langabe kopuru handiena izango dela aurreikusi du. Halaber, enplegu-politika eraginkorrak sustatzea gomendatzen du txostenak. Arlo horri dagokionez, ez dirudi Estatu espainoleko eta Hego Euskal Herriko gobernuek abian jarri eta iragarritako politikak langabeziaren arazo larriari aurre egiteko egokienak direnik. Iragarritako neurriek enplegu prekarioa baino ez dute sortuko, aldi baterakoa eta gero eta baldintza kaskarragoetan. Nolanahi ere, txostenaren atalik kezkagarriena pobreziari buruzkoa da. Izan ere, langabezia baino arazo larriagoa da. OCDEn biztanleria aktiboren %10eraino iritsi da pobrezia, eta AEBetan, esate baterako, %16raino, eta goranzko ibilbidea du, baina lanik ez dutenen artean ez ezik, enplegua dutenen artean ere bai. Krisialdia bakan batzuek sorrarazi bazuten ere, ez ditu horiek hain zuzen kolpatzen.