«Imaginaitten haiz, jo ta manejau?»
Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Gure Xabat oraindik gaztetxoa da gauza asko ulertzeko. Aurreko batean osaba Mikel gure artean zergatik ez dabilen ulertu ezinik geratu bazen, atzo ere ulertu ezinik zen bere aitatxo egun osoan lasterketaren buruan ibili ondoren zergatik eman zioten beste bati. Markelo handia izan zen atzoko irabazlea!
Gelan sarri esan dio bixera eta guzti ohean praust etzaten den Txitxo Terremoto nekatuari: «Hi, hamendik ez goiazak ezer ein barik eh! Imaginaitten haz jo ta etapatxu bat manejau? Ba bai, imaginau nok! Imaginau ez bakarrik, sinistute jun nok!». Goizean esan genuen ihesaldian egoten saiatu behar genuela baina larregi gastatzea ere ez zitzaigula komeni, Samuelen alboan egoteko indartsu egon beharko dugulako. Baina denok zarete testigu idixko hau nola hazten zaigun lautadan abiadura bizian joan behar den egunetan. Behin ihesaldian sartuta, bost lagunen artean ia 200 kilometro egiteko tarea zaila zuten atzo. Gainera tropelak ez zieten utzi abantaila handirik. 20 kilometro faltan 2.20 minutu zuten, baina haizea aurpegiz indartsu.
Egoera hauetan hazten da gure mutila ba, haizea eta denboraren aurka espezialista. Oraingoan ordea, tropela ere zuen aurkari. Baina hiru kilometrora, danba! hor jo du aurrera beldurrik gabe, eta atzean elkarrekin entrenatzen dugun lagunok, gonbidatuko gintuen afariko menua aukeratzen hasiak ginen jada. Baina marka dok, gero, beti azken momentuan amets eder horretatik iratzartzen gaituzte eta saria besteentzat! Hala ere, Xabatxok dioen bezala, «aitatxo gaur zeuk irabazi duzu!».
Gelara iritsi eta esan nion: «Hik daukezak potruek hik! Zorixonak, hori etapie ein duana!». Eta berak bueltan: «Potruek ez Txurru, bakarra! Ba dakik eta...». Hala da bai, badakit eta horrek indartu egiten du ene teoria, gogorra da ba! Minbiziari aurre egin, beste mila faktore aurka izan arren, beti aurrera eta beti egurrean!
Hiru aste hauetan, ibili, ez nabil beste batzuetan beste eta emaitzak ez dira apartekoak baina inork ezingo dit aurpegiratu, gorputz txiki honetan daukadan apurra ematen ez dudanik. Zutabeen kalitatea sakrifikatu behar izan dut, gau partean Markelok berba jario etengabea duen bitartean lo hartzen dut, bixera eta arropa kendu ordurako ohera... Baina lasterketan, erdaraz esaten den bezala: «Me estoy dejando la piel!». Azken egun bi hauetan asfaltoari xirri egin eta narruak urratuta, ipurdi erdi bistan dudala kurioso ibili nok NARRU!!!
Hik ordea, atzokoan, erakutsi diguk ihesaldi horretan azken metroraino borrokatu eta egindako esfortzuaren ondorioz begiak ere gurutzatu arren, narrua ere bertan utzi duala!! Geratzen diren egunotan beste horrenbeste egin behar diagu, Samueli lagunduz lasterketa handi hau irabazten saiatzeko eta hemendik esku hutsik ez joateko. «Imaginaitten haiz, jo ta manejau?»