GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Aurten leku bat lortu izanak ez du esan nahi besteetan gaizki aritu naizenik»

p039_f01_111x111.jpg

Kepa Peñagarikano

Asegarce-ko atzelaria

Sei urtez udako torneoetatik at geratu ostean, Kepa Peñagarikanok, Lekeitiko ferian itzuli, eta Aimar Olaziolarekin batera garaipena lortu zuen, ordura arte garaiezinak ziruditen Pablo Berasaluze eta Aritz Beginori ondo irabazita. Enpresako kideen lesioak tarteko, ondo egindako lanaren fruitua jasotzen ari da orain Beizamakoa, eta Logroñon ere Olaizola II.arekin arituko denez, faboritoen artean dira.

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Enpresa barruan izandako konpetentzia handiari egozten dio Kepa Peñagarikanok, azken sei urteetan udako torneotatik at geratu izana. Fokuetatik aparte egon den arren, une onak izan dituela aldarrikatzen du Beizamakoak.

Sei urte eta gero, Lekeition irabazle, eta Logroñon berriz ere Aimarrekin titular; Peñagarikano onenera itzuli al da berriz?

Nik uste dut orain momentu politean nagoela. Lekeitioko torneoa irabazteak, gainera, konfiantza ematen du, eta uda on bat egiten ari naiz. Esan daiteke momentu onean nagoela, eta Aimar oso sasoi bikainean dago, gainera. Bikote polita osatzen ari gara biok, elkarrekin partida dezente jokatu ditugu, eta ilusioarekin nago.

Azken garaipen horrekin, gainera, askok faboritoen artean ikusten zaituzte udako azken feria honetarako. Gustuko duzu faborito izate hori, ala berdin zaizu?

Azken batean, betikoa da, Lekeition ere faboritoen artean ginen. Irabazten badugu ondo, eta bestela ere ez da ezer gertatzen. Gainontzeko bikoak ere oso indartsuak dira. Finala irabazten duenak hiru partida jokatu eta ziurrenik hirurak irabazi beharko ditu, eta hori oso zaila da. Garrantzitsuena maila ona ematea eta disfrutatzea izango da.

Gainera, beste denentzat garaiezinak diruditen Berasaluze VIII.a eta Beginori eskua ondo hartu diozuela ematen du.

Enpresa arteko partidetan dezentetan ari gara jokatzen Pablo eta Beginoren kontra, edo Oinatz eta Beginoren kontra. Denak maila altuko partidak dira eta horiek irabazteak beti ematen du konfiantza, eta batez ere, erritmoa. Begino eta antzekoen kontra aritzeak joko maila ona hartzen laguntzen du.

Esan daiteke, oraingo atzelari indartsuenaren aurkako, Beginoren aurkako, aditua zarela?

Argi dagoena da, atzelari piloa dagoela Asegarcen eta ez dela erraza aukeratuen artean sartzea. Kasu honetan Oier Mendizabal kanpoan geratu da, Ruben sartu dute, eta une pixka bat apalagoan harrapatzen bazaitu kanpoan geratzen zara, eta horregatik titular izateak meritua dauka.

Azken urte hauetako beheraldiaren arrazoien inguruan asko hausnartu duzu?

Ez du penarik merezi atzekoaz gehiegi pentsatzeak. Jende askok egin dit galdera bera, baina nik uste dut azken urteetan nire une onak ere izan ditudala. Lehen esan bezala, enpresako beste atzelariak momentu onean izan dira, eta ez da erraza torneoetan jokatzeko postua ateratzea. Aurten lortu dut leku bat egitea, asko kostata, baina horrek ez du esan nahi beste urteetan oso gaizki ibili naizenik, beste batzuk hobeto ibili direla baizik, eta enpresak eurengan jarri duela konfiantza.

Izan al daiteke 2006an Irujoren aurka buruz buru egindako partida bikain haren ondoren denok gehiegi espero genuela?

Ez. Buruz burukoa beste modalitate bat da. Urte horretan oso txapelketa ona egin nuen, baina orduan gauzak garbi neuzkan eta orain are eta gehiago. Buruz buruko txapelketa on batek ez dizu ziurtatzen urte osoan zehar binakako txapelketak jokatuko dituzunik, binaka egunero erakutsi behar da, eta egiten ez baduzu, normala da enpresak beste norbaiti aukera ematea.

Bada, baita zuren enpresan bertan ere, binaka baino banakakoan gusturago ikusten zaituenik.

Egia esan behar bada, niri sekulako ilusioa egiten dit banakakoan jokatzeak, beti motibazio handienarekin prestatzen dut eta ilusio berezia egiten dit bakarka aritzeak. Niretzat oso polita da, baina argi dago guretzat manomanista ibilbidea oso mugatuta dagoela, espezialista oso onak daudelako, gu baino eskailera bat gorago daudenak, eta oso zaila da horiei irabaztea. Nahiz eta aurten lehenengoan kanpora joan, hurrengoan ere gogo guztiekin saiatuko naiz berriz.

Lau eta erdiko txapelketan aritzeko asmorik ba al duzu?

Ez. Gainera, uste dut ez dela nire modalitatea. Hiru bat urtetan jokatu nuen, baina ez nuen gauza handirik lortu, eta uste dut alde batera utzi beharreko zerbait dela.

Jende askok agian ez du jakingo, baina aktore lanetan ere aritu izan zara. Carmelo Gomezekin, «La casa de mi padre» filmean. Nola izan zen hori?

Filma egiten ari ziren Tolosan, eta pilotari bat edo beste behar zutela-eta, Ongay eta niri esan ziguten eszena batzuk egingo ote genituen aktoreen ordez. Grabatzen eta aritu ginen, baina filma ikustera joan, eta guk grabatutakoak ez ziren azaldu. Hala ere, filmak nola grabatzen dituzten ikusi ahal izan genuen, eta esperientzia polita izan zen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo