GARA > Idatzia > Ekonomia

APLIren eta ELBren esanetan, Ipar Euskal Herriko esne- ekoizleen %80 greban dago

Esnearen prezio apalegiak sektorea «hil ala biziko» egoeran jarri duela-eta, APLIk greba deitu zuen orain astebete. Ipar Euskal Herriko ekoizle gehienek bat egin dute eta gero eta sostengu gehiago jasotzen ari dira.

p024_f01_148x92.jpg

GARA | BAIONA

Behi-esne ekoizleen grebak astebete betetzen duelarik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako abeltzain gehienek bat egin dute mobilizazioarekin. APLIk eta ELBk adierazi dutenez, Ipar Euskal Herriko ekoizleen %80k uko egin dio bere esnea saltzeari, Estatuan baino bi bider gehiagok.

Ekoizleen arabera, Estatu frantsesean, Italian, Alemanian, Begikan, Suitzan, Austrian, Luxenburgon eta Herbeheretan, 40.000 abeltzainek gelditu dute esne horniketa. Belgikan hiru milioi litro esne bota zituzten atzo protesta moduan.

Elkartasun adierazpenak ere ugaritzen ari dira. Hala, laborarien hainbat sindikatuk argiki jakinarazi dute grebalariek beren sostengu osoa dutela. Nabarmena izan da, Pirinio Atlantikoetako Jeunes Agriculteurs (JA64, nekazari gazteak) hartutako jarrera, Estatu frantseseko JA-ren Federazioak greba ez babesteko hartutako erabakiaren kontra agertu baitira, nahiz eta zuzenean grebara dei egin ez duen.

EHNE sindikatuak ere elkartasun ekimenak egin ditu, besteren artean, herenegun Gipuzkoara zihoan esne-kamioi bati Biriatun bidea oztopatuz.

Hautetsiak eta alderdiak

Esparru politikotik ere atxikimenduak jaso dituzte, esaterako, Paueko Kontseilu Nagusiak «elkartasun osoa» adierazi die aho batez eta datozen egunetan zenbait kontseilari nagusik eta Akitaniako kontseilariak esnegintzako eragileekin bilkura egingo dute erregio mailako adostasuna bilatzeko asmoz. Aipatzekoa da, halaber, Garazi-Baigorriko Herri-Elkargoak onartutako mozioa. Bertako hautetsi guztiak bat etorri ziren Europa mailan esnearen prezio orekatu bat finkatu behar dela esaterakoan eta aterabide politiko bat aldarrikatu dute. Bide batez, herritarrei dei egin diete greban dauden abeltzainak laguntzeko.

Batasunak «esnea bezalako oinarrizko elikadura multinazionalen interesen esku uztea» gogor salatu du, laborantzak eta elikadurak «merkatuko lehian baino herritarren eta lurraldeen burujabetasunaren onerako» norabidean egon behar dutela gaineratuta.

Ildo beretik, ABk «ikuspegi ekonomiko hutsa duen politika horrek eragindako ondorio kaltegarriak» deitoratu ditu.

Bitartean, ekoizleek esnea kitorik banatzen segitzen dute. Gaur bertan, grebari buruz informazioa hedatzearekin batera Baionan banaketa egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo