Bitoriano Gandiaga lagunaz mintzo da Joxe Azurmendi
Bihotzeko laguna zuen Bitoriano Gandiaga poeta eta Arantzazuko fraidearekin igarotako azken uneak dakartza «Azken egunak Gandiagarekin» liburu pertsonalera Joxe Azurmendi Otaegi irakasleak. Abiapuntu horretatik heriotzaren eta Jainkoaren gaineko gogoeta egin du.
A. BILBAO | DONOSTIA
Bitoriano Gandiaga, poeta eta Arantzazuko fraidekide izandakoa, bihotzeko laguna zuen Joxe Azurmendi Otaegik (Zegama 1941), eta lagunaren azken egunak abiapuntutzat hartuta, bere lanik pertsonalena landu eta plazaratu du orain Elkar argitaletxean -Eztabaida 18 saila-, atzo Donostian aurkeztu zuen «Azken egunak Gandiagarekin» liburu mardulean.
2001ean hil zen Gandiaga, eta laguna hiltzera zihoala ezagututa, hari bisitan joan eta adiskidearen bizitza eta lanak, izaera eta heziera, nahimenak eta sinesmenak hasi zen errepasatzen Azurmendi, baita bere buruarenak ere, gerora liburu batean biltzeko.
Liburuak bi atal nagusi biltzen ditu. Lehena Gandiagaren eta haren obraren inguruan mintzo da eta haren mundu poetikoa hobeto ulertzeko argibide batzuk ematen dizkigu. Bigarrenak gehienbat heriotzaren eta Jainkoaren existentziaren gainean egiten du gogoeta, eta Gandiagaren mundu erlijiosoaren eztabaida edo gogoeta dela ere esan liteke, Azurmendik egin ohi duenez, ez eztabaida amaitutzat jo nahi duen maisuaren gisara, estereotipo zahar eta konbentzionalismo berriak alde batera utzita baino, bakoitzak bere baitan pentsa dezan zein den bizitzaren aurreko jarrera, bere egia eta aukera.
Bitoriano Gandiagari buruz «naturaren poeta da» dio Azurmendik: inork ez bezala kantatu dio naturari, «gero bere barne munduko ibilbide espiritualen sinbolo bilakatu direnak». Eta naturaren ikuskera zientifiko modernoan, ez du ematen historian baino leku gehiago dagoenik Jainkoarentzat. «Natura jaiotzea, bizitzea eta hiltzea da».
Sinestea eta ez sinestea zer den
Gandiagaren obraren azterketa gisa hasitakoak bakarkako meditazio sorta bat ekarriko du lanaren bigarren partean berarekin: zer den gaur, XXI. mendean, sinestea, zertan sinesten edo ez dugun sinesten eta nork bere kasa eta denok ere geure historiaren arabera, zeri deritzogun Jainkoa, hura baieztatzeko nahiz ukatzeko.
Zer da bizitza eta heriotza... dio Azurmendik: «Zaila da arima bat daukagunik ustea, baina arimarik ez badaukagu, zer dago heriotzaren ondoren? Ezer ez. Baina zer den ezer ez egotea, ez da erraz ulertzen. Ezer ez, ez dago: beti dago zerbait».
Egilea: Joxe Azurmendi.
Izenburua: «Azken egunak Gandiagarekin».
Argitaletxea: Elkar.
Bilduma: Eztabaida 18.
Salneurria: 29,50 euro.
Orrialde kopurua: 492.