BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2009
Bertsolaritzaren jai nagusia errusiar mendira igoko da
Zestoan hasi eta, bigarren aldiz, Barakaldo helburu. «Errusiar mendian» igota, 44 bertsolari nor baino nor ariko dira urriaren 3tik aurrera bakar batek baino jantziko ez duen txapelaren bila. Inoiz baino ugariagoa, gazteagoa eta «teknologikoagoa» izango da XV. Bertsolari Txapelketa Nagusia. Hamahiru saio eta abenduaren 13ko finalerako sarrerak sarean dira salgai.
Ane ARRUTI | BILBO
Kontxako estropaden antzera, finalerako zazpi txartelen bila abiatuko dira datorren urriaren 3an Euskal Herriko bertsolari onenak. Zortzigarren aulkia, duela lau urtetik ongi erreserbatua du Andoni Egaña zarauztarrak. Lau txapel bereganatuta, bera da abenduaren 13an Barakaldoko BECen jokatuko den finalean zuzenean sartuko den bakarra -eta ez buruz burukoan aritutako biak, aurreko finalean egin bezala-. 2005eko gainerako zazpi finalistak (Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Jon Maia), berriz, finalerdietan sartuko dira lehian.
44 izango dira traineruen gainean ez, baina «errusiar mendian» igota, bertsoaren emozio ziabogetan murgilduko diren bertsolariak. Horixe izan da aurtengo ediziorako Harman enpresak egindako logoa. «Euskaldun guztiak bat-batekoak sor ditzakeen poza, tristura, amorrua, amodioa, desioa, etsipena, harridura... bizitzera gonbidatu nahi ditugu, bertsoaren bihurguneetan nora ezean sartzera. Hauxe da bertsolaritzaren magia, errusiar mendiaren bidez irudikatu nahi izan duguna», adierazi zuen Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak atzo Bilbon egindako aurkezpenean. Bertsolaritza indartzeaz gain, «herrialdeetako bertsogintza erakustea, ohiko bertsozalea asebetetzea, bertsozale berriak erakartzea, erdal komunitateari bertsolaritza ezagutaraztea eta bertsolaritza garaiko kultur adierazpen gisa aitortua izatea» dira XV. edizio honetako helburu nagusiak. Muruaren esanetan, «euskaldun berriek ere aukera izan dezaten nahi dugu, ea txapelketak animoa biderkatzen dien. Oraindik euskarara hainbeste hurbildu ez direnei ere gonbita luzatzen diegu». Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatuak adierazi zuenez, herrialde horretan «asko hazi da bertso-eskoletan dabilen gazte kopurua eta bertsolaritzaren bidez, eskolaz kanpo, aisialdirako tresna bilakatu da euskara».
Finalerako txartela, garesti
Egañaren antzera, joan den edizioan finalera sailkatu zirenek izango dute nolabaiteko abantaila, finalaurrekoen lehenengo itzulian sartuko baitira lehian, hau da, Bergara, Gasteiz, Tolosa edo Hendaian. Lau saio horietan lehenengo postuan sailkatzen direnak bigarren itzulira pasako dira eta gainerakoak puntuazioaren arabera erabakiko dira. Finalerako zazpikoa erabakitzeko orduan, bi itzulietako puntuak hartuko dira kontuan. Saio hauetan bi lan berri gehitu dituzte aurten: lauko handian eta hamarreko handian aritu beharko dute bertsolariek.
Donostian jokatuko da azken finalaurrekoa, baina badira nobedadeak: «2005ean erronka jarri genion geure buruari, Atano III.a betetzea, eta txiki gelditu zitzaigun. Aurtengoan Belodromora egingo dugu salto eta krisiak krisi, ea nola doakigun», esan zuen Xabino San Sebastian antolakuntzako arduradunak. Helburu horri begira, dagoeneko salgai dira hamahiru saiotarako sarrera abonamenduak eta finalerako sarrera eta autobus txartelak, 2005eko prezio berean. Internet bidez soilik eskura daitezke www.bertsosarrerak.eu helbidean. Saio solteetarako txartelak, berriz, astean bertan jarriko dira salgai helbide horretan bertan eta kopuru bat erreserbatuko da txarteldegirako. Bestalde, www.txapelketanagusia.eu atarian, txapelketari buruzko informazio guztia zabalduko dute. Teknologia berriekin jarraituz, Bluetooth sistema erabilita, saio hasiera eta amaieran eguneko informazioa eta puntuazioak jaso ahal izango dira eskuko telefonoetan.
Gazteak nagusi
44 parte-hartzaileen batez besteko adina ez da 30 urtera iristen. Hemezortzi urteko Maddalen Arzallus gazteenaren eta 48ko Egaña zaharrenaren artean kokatzen dira denak. Nabarmentzekoa da orain arteko txapelduna dela berrogei urteko marra gainditzen duen bakarra. «Ile eskasia dela-eta, helduenek izan beharko lukete txapel premia gehien, baina gazteak dira lehian sartzen direnak», esan zuen Muruak.
Emakumeen eta gizonen arteko parekidetza lortzeko, ordea, oraindik bada nahikoa lan. 13 dira emakumeak, 2005ean baino hiru gehiago. Hala ere, ez da proportzioa aldatu, partaide kopurua ere igo egin baita. «Aurreko edizioan 38 ziren, baina ikusi genuen jende oso ona gelditzen zela kanpoan. Oso maila altua dago eta horregatik zabaldu dugu, nahiz eta kalitate handiko asko ez diren sartu hala ere», esan zuen San Sebastianek. Herrialdeka, berriz, Gipuzkoakoak izango dira gehien, 21 ordezkarirekin, Bizkaitik 12 arituko dira, 5 Ipar Euskal Herritik, 4 Nafarroatik eta 2 Arabatik.
Hiru aldiz txapela jantzi zuen Manuel Olaizola «Uztapide»ri omenaldia egingo zaio Zestoako saioaren aurretik, bere jaiotzaren 100. urteurrena dela-eta.
Final-laurdenak: Arruntak, 9 euro; bazkideek, 6 euro; gazteek (<16 urte), 4 euro.
Finalaurrekoak: Arruntak, 12 euro; bazkideek, 9 euro; gazteek, 4 euro.
Finala: Arruntak, 26 euro; bazkideek, 18 euro; gazteek, 6 euro.
Abonamenduak (13 saio): Arruntak, 60 euro; bazkideek, 45 euro; gazteek, 25 euro.
Finaleko bazkaria: 20 euro.
Finalerako autobusa:
12 euro.
www.bertsosarrerak.eu