Leonard cohen, beharrizanak kantatzera bultzatzen zaituenean
Bost milioi dolar omen zituen gordeak Leonard Cohenek, eta erretiro epela ziurtatua. Alta, manager lanak egiten zizkion Kelley Lynch maitaleak, kutxa arindu eta 125.000 dolar «baino» utzi ez dizkiola-eta, berriro errepidera itzularazi du gizona, 75 urte betetzear dela. Gaur Barakaldon izango da kantari.
Anartz BILBAO
Berezia da oso Leonard Cohen kanadarraren ahots sakona, imitaezina. Hamabost urte zeramatzan gizonak oholtzarik zapaldu barik, erretiroa hartuta. Kontua da sosik gabe dagoela-eta berriro ere jendaurrean kantatzera behartuta ikusi duela bere burua, poltsa betetzera. Baina ez gaitezen larritu. Izan ere, «behin errepidera ateraz gero, bete dezagun ondo lana», pentsatu behar izan du Cohenek, azken zuzenekoetako kritiken arabera.
1934ko irailaren 21ean Kanadako Montreal hirian jaioa (Bartzelonan joko du 75 urte beteko dituen egunean), judu jatorria duen olerkaria da Leonard Cohen, musikari legez ezaguna. 1966an, alokairua pagatu ezinik zelako, New York hirira jo eta berak idazten zituen poemak kantatzeari ekin zion. Bertan ezagutu zuen besteak beste Janis Joplin ere, harreman sutsu bat tarteko, eta bertan plazaratu zuen lehen lana 1967an, «Songs Of Leonard Cohen». Lau hamarkada luze pasa dira harrezkero, eta mundu mailako izarra da egun Cohen, maitasun, sexu, erlijio eta giza harremanei buruzko ehunka kantu ederren ostean. Emakume zale eta ardo edale sonatu (amodio istorio andana izan omen du, eta sendo eman omen zion botilari garai batean), jaioterri duen Kanadan eta New Yorken ez ezik Greziako Hydran edo Londresen ere bizi izan da eta garai batean erlijioak ere garrantzi handia izan zuen bere bizitzan -monasterio batean zen ikasketak egin ostean, bertako fraide ere izendatu zuten 1996an-.
Beltzetik zurira eta zuritik beltzera, lau hamarkada luzeko ibilbide artistikoak askorako eman dio Coheni, aurrezkiak ebatzi dizkioten arte. Sosik gabe eta oholtza gainera itzulita, 2008an mundu mailako bira egin eta zuzeneko lan batean plazaratu du emaitza: «Live in London» (2009) disko bikoitzak kanadarraren ondare artistikoa laburbiltzen du -2008ko uztailaren 18an O2 Arena aretoan grabatua-, eta bertan dute oinarri Cohenen egungo zuzenekoek.
Barakaldon beraz, ez dezala inork sorpresarik espero, eta orain hogei urte Bilboko La Casillan eta 1988an Donostian jo zuen Cohenek Londreseko zuzeneko lana jarraituko du hasieratik bukaerara, ia hogeita hamar kantu eta hiru ordu inguru (ordu erdiko atsedenaldiarekin) iraungo duen zuzenekoan. Artistak, bere azken agerraldi publikoetan balego bezala, «berriro ikusten ez baldin bagara, hauxe da dagoena» esanda abiatu omen ditu eman dituen azkenekoetariko kontzertuak, izan Mallorca zein Vigon.
Ezustekorik ez, zirrara bai ordea, kroniken arabera. «Ahotsean indarra galdu duen arren, magia mantentzen du» diotenez, eta zuzenekoak «Dance Me to the End of Love» kantuarekin hasi eta «Waiting for the Miracle»rekin atsedenaldia egin ostean, bigarren txanpa «Tower of Song» abestiarekin abiatu eta «Closing Time» eta «I tried to Leave you» ezagunekin ixten du jarduna, tartean «Everybody knows», «Who bi Fire» (Javier Mas gitarra-jotzaile katalana protagonista dela), «Suzanne», «The Partisan», «Take this Waltz» (Garcia Lorcaren omenez) eta beste asko direla...
Madrilen, zuzenekoa bukatu eta «eskerrik asko nire kantuak bizirik mantentzearren» esan omen zuen, bere kontu korrontea aipatu gabe. Gaur Barakaldon joko du, eta sarrerak salgai dira, merkeena 50 euro inguru eta garestiena 90 euro ingurutan, bakoitzak erabaki dezan musikaren magiak nora eraman gaitzakeen eta zenbat balio dezakeen.
Eragin handiko artista
Leonard Cohenen sorkuntzak hurrengo belaunaldiko makina bat artistei eragin die, zuzenean edo zeharka («Hallelujah» kantuak esaterako, makina bat bertsio izan ditu, batzuk Jeff Buckleyrenak bezain ederrak, eta «Shreek» filmean ere ageri da, Rufus Wainwrighten ahotsean). The Sisters of Mercy rock taldeak ere, soinuaren aldetik kanadarraren antzik ez duen arren, bere kantu batetik hartua du izena.
Haren omenezko lanak ere ez dira gutxi izan -30 inguru omen-, eta «I´m your man» kantuaren izenarekin jokoa egiten duen «I´m your fan» (1991) lanean, esaterako, besteak beste Pixies, R.E.M., Nick Cave edo John Cale artista entzutetsuek Cohenen bertsio bana jotzen dute. Lau urte geroago gauza bera egin zuten Bono, Elton John, Peter Gabriel edo Suzanne Vegak «Tower of Song» Coheni eskaini lanean.
Data: Irailak 17, osteguna.
Lekua: Bizkaia Arena, (BEC, Barakaldo).
Ordua: 21.00etan.
Sarrera: 50/62/70/80 euro + gastuak.
Salmenta puntuak:
TicketMaster sarea edo 902 15 00 25 telefonoa.