Autonomiaren beharra eta hauteskundeetarako abertzaleen aliantza landuko ditu Batasunak
Arantxa MANTEROLA
Urte politikoaren hasierarekin, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberorako datozen hileetako lan-ildoen norabideaz hausnarketa egin zuten, atzo Uztaritzen, Batasuneko hirurogeita hamar bat militantek.
Maite Goienetxek eta Xabi Larralde bozeramaileek eztabaidaren mamia jakinarazi zuten biltzarraren amaieran. Hala, bi erronka nagusi nabarmendu zituzten.
Alde batetik, «Estatu frantseseko testuinguru orokorrean kokatuz, lurralde antolaketaren eta instituzioen erreforma saihets ezineko gaia», izango dela nabarmendu zuten.
«Balladurren gogoetatik agerian geratzen da Estatuaren asmoa, berriro ere, Ipar Euskal Herria mapatik ezabatzea dela», adierazi zuen Goienetxek, bere «ohiko joera zentralistari atxikirik, makroerregioak» ezartzekotan dabilela gogoratuta. Alta, abertzaleentzat asmo horiek «arriskutsuak» diren arren, une berean euskal lurraldeetako onarpenari buruzko eztabaida plazaratzeko parada ematen duela gaineratu zuen.
Horiek horrela, aspalditik bultzatzen duen autonomiaren aldarrikapena hedatzeko xedea du indar abertzaleak. «Argi utzi dugu azken urteotan, gure ustez autonomia dela gure herriko eta herritarren beharrei erantzungo dion tresna, beharrezko eskumen legegile eta betearazleak ahalbidetzen dituelako» esan zuen Goienetxek. Batasunak ez ezik, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek ere «gogoeta bera» dutela nabarmenduta, hautetsien mailan egingo duten lanaz gain, Autonomia kolektiboaren baitan elkarlanean segituko dutela gaineratu zuen.
EH Bai errepikatu
Beste aldetik, datorren hauteskunde-ziklo berria izango da bigarren lan-ildo nagusia, martxoan Akitaniako kontseilukideak hautatzeko egingo direnetatik hasita.
Batasunaren apustua garbia dela azaldu zuen Xabi Larraldek: «Joan den uztailean publikoki adierazi genuenaren ildotik, gure parioa abertzaleen arteko aliantzaren aldekoa da. Horretarako `Euskal Herria Bai' formula berriro baliatzea da egokiena» .
Azken urteetan bere lekua egiten ari den «proiektu abertzale eta progresista» indartzeko, guztiz beharrezkotzat jotzen du Batasunak «abertzaleek bat egitea», are eta gehiago zenbait lurraldetan «alternatiba ordezkatzen duen indarra» izateko potentziala dagoela aintzat hartuta.
Mahaikidearen esanetan, Berdeek indar abertzale batzuei beraiekin aurkezteko egindako gomita onartzea ez da bidea «abertzaletasun aurrerakoia» sustatzeko. Gainera, Batasunak konbentzimendu osoa du oinarrizko abertzale progresisten gehiengoaren apustua abertzaleen arteko aliantza errepikatzea dela, «horren azken adierazlea EHAk lortutako emaitza onak direlarik».