«Errumaniako haragia janda, ahaztu baserriak eta larre berdeak»
Errumania, Salamanca, Kroazia... Euskal Herrian saltzen den haragi gehiena ez da hemengoa. Bitartean, bertako baserritarrak euren txekorren haragia saldu ezinean dabiltza. Goierriko hiru baserritar, Larreko izendapenarekin, Pirinioetako behiaren haragia euren kasa saltzen hasi dira. Kalitatezko produktua dela defendatzen dute, produktuen salmenta ezinbestekoa dela baserriak mantentzeko, eta baserriak eta abereak funtsezkoak direla ingurumena babesteko.
Amaia ZURUTUZA |
Euskal Herriko dendetan dagoen haragi gehiena kanpotik ekarritakoa da; Errumania, Salamanca, Kroazia... Ez da hemen haragirik ez dagoelako, kanpotik ekarritakoa merkeago sal daitekeelako baizik. Merkeago saltzeko ordea, txekorrak hazteko prozesuan gastuak gutxitu egin behar dira, eta horretarako erabiltzen diren bitartekoek, besteak beste, haragiaren kalitatean dute eragina. Bitartean, Euskal Herriko baserrietan hazten dituzten txekorren haragia saldu ezinean dabiltza baserritarrak.
Harategietara joan eta haragia badutela erantzuten diete baserritarrei. Ez denetan, baina bai gehienetan, salgai den haragia Euskal Herritik kanpokoa da, eta merkataritza gune handietan zeresanik ez, ez dute apenas Euskal Herrian produzitutako haragirik. Errealitate honen ondorioz, baserritarren egoera benetan larria da, eta Goierriko hiru abeltzain euren haragia zuzenean kontsumitzaileei saltzen hasi dira, salmenta zuzena deritzona martxan jarriz.
Olaberria, Ataun eta Zaldibiako baserritar bana, Bildotxa-Borda baserriko Alberto Irastorza, Igartzateko Ana Rosa Imaz eta Izar Berriko Garikoitz Nazabal hurrenez hurren, euren baserrietan hazten dituzten txekorren haragia zuzenean saltzen hasi dira, Larreko izendapenaren baitan. Ekimen honen atzean filosofia oso bat gorpuzten dute hiru baserritar hauek.
Abiapuntua, haragia, nola ez, berezia da, «ez da edozein haragi». Pirinioetako behiak dituzte hirurek, herri-behi ere deiturikoak, Euskal Herriko jatorrizko behi arrazakoak alegia. Arraza honen aldeko apustua egin dute hirurek eta euren produktuaren bereizgarri nagusia da. Bestalde, aurten, urte hasieran erabaki zuten salmenta zuzenari ekitea, harategi edo banatzaileen bidez haragi salmenta «oso geldituta» baitago.
«www.larreko.com»
Larrekoren eskaintza bost kiloko haragi pack-etan oinarritzen da. Pack-a txekorraren zati ezberdinetako okela daramaten banakako zorroez beteta dago: txuleta, xerra, saiheskia, haragi txikitua, zankarra eta egosteko haragia. Zorroak hutsean ontziratuta daude eta edozein izozkailutan sartzeko moduko neurria dute. Kasu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ofizialen kontrola dute behien hazkuntza prozesuak, elikadurak eta osasunak, hala, okelaren kalitatearen bermea guztiz ziurtatuz.
Nahi duenak Irastorza, Imaz edo Nazabalekin harremanetan jarri, hitzordua adostu eta bost kiloko pack-a erosteko aukera du beraz. Oraingoz bideari ekin diote, eta dituzten erosleek oso hitz onak esan dizkiete euren haragiaz. Interesa duenak hiru baserritarren telefonoak aurkituko ditu www.larreko.com webgunean. Deitu, hitzordua adostu eta etxera bost kiloko haragi pack ederrarekin bueltatuko da nahi duena.
Irastorzari bezero gehienak baserrira joaten zaizkio. Askok gainera ukuilura joan nahi izaten dute eta hala txekorrak eta behiak ikusten dituzte. Imazek, berriz, normalean herriko bi plazatan hitzorduak adostu eta bertan saltzen du haragia.
Kalitatezko haragia saltzen dutela nabarmentzen dute hirurek, eta txekorrak hazteko prozesua betidanik egin den moduan egiten dutela. Euren txahalak amarekin bizi dira sei edo zazpi hilabete izan arte. Ondoren txekorra amaren errapetik banandu, eta betiko moduan gizentzen dute, artoa, garagarra, zahia, lastoa eta belarra erabiliz. Gaur egun, txekorrak hazteko prozesua azkartu eta gastuak murrizteko erabiltzen diren kortisona, antibiotiko eta antzeko produktuak erabiltzearen aurka daude hirurak.
Nazabalek dioenez, euren haragia erosten duen jende asko harrituta gelditzen da, xerra zartaginean jarri, eta likidorik botatzen ez duelako. «Hori likido-erretentzioa da», azaltzen du Irastorzak, «momentu hauetan kortisona asko dabilela esaten dute, eta kortisonarekin txekorrak ez du pixa egiten». Hala, txekorra likidorik kanporatu gabe loditzen da, eta ondoren haragi xerra zartaginean jarri eta likido edo aparra botatzen du. «Hemengo produktuak garestiago direla esan da. Merkeago produzitu daiteke, baina nola? Guk ere egin dezakegu, baina gero jan behar dugun produktuez ari gara hizketan», dio Nazabalek.
Garesti ordaintzen dute, ordea, baserritarrek, benetan garesti, txekorrak osasuntsu hazteko erabakia. Izan ere, Irastorzaren iritziz Europatik etorritako politika da hemen indarrean jarri dena: «Nonbaiten produzituko dute merkeago eta ekarriko dugu handik».
Prezio kontuak hala ere erlatiboak izan daitezke. Nazabalek Ordizian baserritarren esnea saltzeko jarri berri duten makina hizpide hartuta, badela esne litro bat euro bateko prezioan garestitxo dela aipatzen duenik kontatzen du. «Litro bat esne!», dio, «kafe batek euro bat baino gehiago balio du-eta».
Instituzioak, hipokrisia
Instituzioen inguruan mintzatzen hasi, eta itxura, hipokrisia gisako hitzak aipatzen dituzte, edo, Imazek dioen bezala, «trabak baino ez». Izan ere, batzuetan politikoak baserritarrak eta hauen produktuak goraipatzen ibiltzen diren bitartean, ondoren, praktikan, ez dute baserritarrekiko hainbeste estimu erakusten. Adibide moduan, Osakidetzako nahiz haurren jangelatako janariaren kudeaketa, dekretuz, enpresa zehatz batzuk egiten dutela dakar gogora Nazabalek, eta hauek kanpoko haragiarekin egiten dutela lan. Osakidetzan gaixoei ematen zaien haragia baserritarrena izango balitz, esaterako, sektoreak bizi duen egoera latza konponduko litzatekeela diote.
«Hemen Txernobilen jaio, Salamancan gizendu eta hemen hil eta jaten diren txekor pila bat dago», dio Nazabalek serio.
Izan ere, errealitate honen ondorioak ez dira ez samurrak. Batetik baserritik bizi nahi dutela aldarrikatzen dute Nazabal, Irastorza eta Imazek. Era berean, Larreko ekimenarekin abereek ingurugiroa garbi izaten laguntzen dutela ere aldarrikatzen dute, eta abereek ama lurrean eragin zuzena dutela.
Beraz, haragi pusketa bat kontsumitzen denean kontsumo ereduaren atzean ere zer dagoen ikusi behar dela diote. Hala, mendeetan zehar Euskal Herriko kulturan eta baserrietan lanabes izan diren behiak, funtsezkoak dira baserrian eta baserritik bizi nahi dutenentzat. Hein honetan, «Errumaniako haragia janda» hemengo baserriak itxi beharko direla diote, eta baserririk gabe «ahaztu larre berdeak». Izan ere, igande goizean mendira joan eta dena berde eta txukun ikusterakoan, Irastorzak dioen bezala, gogoratu «horren atzean norbait ibili dela lanean». Berdina dio Nazabalek, «mendian larre berdeak daude bertan urte askotan lan egin delako; aurreko belaunaldietatik dator hori».
«Ez da soilik zer jaten den»
Bada, Nazabalek dioen moduan, «ez da soilik zer jaten den, baita horren atzetik dagoena ere». Hala, kontsumo jakin batekin zeri laguntzen zaion kontuan hartu behar dela uste du. Horregatik, garrantzitsua da «gure produktua erosten duenak zerekin kolaboratzen duen jakin dezala», dio.
Azken urteetan baserritarrei lurrak kentzen ari direla salatu dute hirurek. «Enbarazu egiten dugu», dio Nazabalek, «enbarazu AHT eraikitzeko, autobiak egiteko edo industriaguneak sortzeko». Hein horretan garbi du azken urteetan «sarraski politika bat» burutu dela baserritarren aurka.
Argi dute, ordea, baserritik bizi nahi dutela, eta baserritarrak bizirik jarraitzeko produktuen salmenta funtsezkoa duela. Bide horretan sortu dute Larreko. Irastorzak dioenez gainera, Larreko haragia erosi dutenak oso gustura gelditu dira, eta esaten duten bakarra zera omen da: «Hau ez da hortik saltzen den haragia, hau beste gauza bat da». Tira, probatu arte ezin jakin, ezta?
Euren baserrietan egiten duten lanaz bizi diren Goierriko hiru baserritar hauek euren txekorren haragia zuzenean kontsumitzaileei saltzen hasi dira, saltoki gehienetan Euskal Herritik kanpoko haragia saltzen baitute.
Pirinioetako behi arrazakoak dira Larrekon bildutako hiru baserritarrek dituzten aziendak. Arraza hori Euskal Herriko jatorrizko behia da, eta berau berreskuratzeko lanean dabiltza buru-belarri.
Txekorren hazkuntza prozesua azkartzeko kortisona, antibiotiko eta beste hainbat produktu erabiltzen dituzte askok. Larreko-ko kideek txekorrak betidanik egin den moduan gizentzen dituzte: artoa, garagarra, zahia, lastoa, nahiz belarra erabiliz.
Nahi duenak harremanetan jartzea dauka Irastorza, Imaz edo Narzabalekin, hitzordua adostu eta euren haragia erosteko. «www.larreko.com» webgunean hiru baserritarren telefonoak ageri dira.
Baserriko produktuen salmentak baserrien biziraupena bermatzen du. Era berean, baserriak, eta bertako animaliak, ingurua garbi mantentzeko funtsezkoak dira.