GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kargua

Pentzeetatik karriketara, olatu zuria hedatuz doa

Europar Batasunak esne kuoten sistema desagerrarazi eta horren ordez behi-esne ekoizleen menpekotasuna areagotuko duen sistema berria plantan jarri nahi du. Azken bizpahiru hamarkadetan Bruselak bultzatutako nekazaritza arloko politikak etxalde anitzen desagerpena ekarri du jada. Aldi berean, elikagaien industriak bere mozkinak etengabe emendatu dituela agerikoa da.

Ekoizle eta erosleen arteko harremanak urrun eta bitxiak bilakatu dira, eta herritar gehienok, gure patua balitz bezala, axola handirik gabe desmartxa hori onartu dugu. Hala ere, azken boladan, elikagaien industrializazioari loturiko eskandaluak pilatu zaizkigu. Behiak, txerriak, oiloak, ardiak... maizegi albistegietako izarrak izaten dira.

Laborariek ohartarazi dutenez, esne ekoizpenaren erreformak baserri gehienen heriotza ekarriko du. Anartean, karrikan bizi garenok, lasai. Supermerkatuetako apaletan nonbaitetik ekarritako esnea ez baita falta.

Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko ekoizleen %80k grebarekin bat egin arren, protestaren eragina ez da saltegi handietan sumatzen. Adierazgarria. Segur aski, ikusmira aldatu behar dugu, zehazki gaur eta hemen zer ari den gertatzen ulertzeko.

Lafayette denda dotorearen aitzinean esne banaketa. Modernitatearen ikonoa alde batean, batzuek txikitan ezagutu genuen salmenta mota, aurreko espaloian. Irudi harrigarria. Merezi du inguratzea. Hori egin du jende parrastak Baionan.

Kontsumoaren desmasiak osasunean sortzen dituen kalteak aspaldi ezagunak izan arren, saltoki erraldoien eremua egunero zabalduz doa. Alta, osasuna babesteko aitzakiaz, ekoizle eta eroslearen arteko harreman zuzena oztopatzeko hamaika arau eta debeku sortu dituzte.

Heriotza zigorra bizkar gainean dutelakoz, esnea bota batzuetan, kitorik ematen besteetan, ikusten ditugu laborariak. Guziak ez. Nolatan? Ez da Euskal Herri osoan ere. Oraingoz.

Bost. Esne greba ez zaigu etxeko sukaldean sartu. Egunkaria lagun, igande euritsu honetan, hurrup-hurrup, lasai hartuko dugu kafesnea. Izan ere, katilua salbu dugula profitatuz, behingoz sudur puntatik harantzago begiratzera probatu dezakegu.

Gogoeta itsasoa zabaltzen badugu, elkartasun hondartza aiseki irabaziko du olatu zuriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo